Gizartea -
Nafarroa
Foruzaingoak Iruñeako 16 urteko mutil bat ikertu du 3 adingabe galbideratzea egotzita
Sare sozial baten bidez egiten zien xantaia argazkiak argitaratuko zituela mehatxatuz, 13 eta 14 urteko hiru neskari.
eitb.eus
Foruzaingoko Delitu Informatikoen Taldeko agenteek Iruñeako 16 urteko mutil adingabe bat ikertu dute duela gutxi, teknologia erabilita 16 urtetik beherako adingabeekin harremanetan jarri asmo sexualekin eta estortsio delitua egitea leporatuta.
Foruzaingoak ohar baten bidez jakinarazi duenez, mutila harremanetan jarri zen hiru adingabeekin sare sozial baten bidez. Horretan, berak eskatutakoa eman ezean, argazkiak argitaratuko zituela esaten zien, xantaia egiteko. Horrezkero, biktimek jakinaren gainean jarri zituzten gurasoek eta salaketa aurkeztu zuten polizia-etxean. Biktimetako batek mutila blokeatu zuen sare sozialean, baina horrek beste kontu bat sortu zuen xantaiarekin jarraitzeko.
Hala, informatikaren esparruan delituak ikertzen dituzten Foruzaingoko agenteek ikerketa martxan jarri eta delituaren ustezko egilea identifikatu zuten.
Foruzaingoak gogorarazi du oso garrantzitsua dela ume eta nerabeei prebentzioan heztea, arriskurik gabe nabigatu eta estortsioa, mehatxuak eta bestelako delituak ez pairatzeko.
Besteak beste, ez dira norberaren argazki pribatuak partekatu behar sare sozialen bidez; ordenagailuak eguneratu eta babestu behar dira artxiboak lapurrengandik salbu egoteko; jazarlearen xantaiari ez erantzutea eta heldu baten, edo Poliziaren, laguntza eskatzea, interneten jazarpenaren edo xantaiaren biktima izanez gero.