Gizartea -

Liskarra

Bi atxilotu Bilbon, kaleko salmenta erretiratzean udaltzainei aurre egiteagatik

Gauean jazo da istilua. Jai-eremua jendez lepo zegoen, eta Areatzako zubia libre uzteko asmoa zuten udaltzainek. Alabaina, inguruan zeuden gazte batzuek "oso bortizki" egin zieten aurre.

Liskarrak. Iker Salgado
Liskarrak. Iker Salgado
Bi atxilotu Bilbon, Udaltzaingoa kaleko saltzaileak lekutik kentzera joan denean

1:51

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi gizon atxilotu dituzte bart Bilbon, udaltzainak Areatzako zubian zeuden kaleko saltzaileak uxatzera hurbildu direnean sortutako istiluengatik. Udalak jakitera eman duenez, udaltzainek Aste Nagusiko jai-eremuan zeuden kale-saltzaileei materiala kentzen hasi zirenean, inguruan zeuden gazte batzuek agenteei aurre egin zieten. Ondorioz, udaltzain bat artatu behar izan zuten medikuek.

23:10 aldera jazo zen istilua, Bilboko udaltzainak Areatzako zubiko kale-saltzaileak erretiratzen saiatu zirenean. Ordu horretan, jai-eremua jendez lepo zegoen, eta zubia libre uzteko asmoa zuten udaltzainek.

Alabaina, inguruan zeuden gazte batzuek "oso bortizki" egin zieten aurre udaltzainei, Udalak azaldu duenez. Arrazoi horregatik, Ertzaintzaren laguntza eskatu zuten, eta Plaza Biribilerantz atzera egiten hasi ziren. Dena dela, istiluak sortu zituzten gazteak haien atzetik joan ziren, berbena bat zegoen plazara iritsi ziren arte.

Ertzaintzaren furgoneta batzuk lekura iritsi zirenean, Plaza Biribilean zeuden herritar asko korrika egiten hasi ziren, bertatik alde egin nahian. Ondorioz, tentsio uneak bizi izan ziren Aste Nagusiko jai-eremuan.

Une horretan, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak ingurua hesitu zuten, egoera bere onera itzuli zen arte.

Dena dela, poliziei eraso egin zieten bi gizon menderatu eta atxilotu zituzten, agintearen aurkako atentatua leporatuta. Horietako bat, adin txikikoa, gurasoen esku utzi zuten; bigarrenak, berriz, Udaltzaingoaren egoitzan igaro du gaua.

Udalak eitb.eus-i baieztatu dionez, Aste Nagusian arratsaldero egiten duten ohiko esku-hartzea izan zen atzokoa, Areatzako zubitik pertsonen joan-etorria errazteko asmoz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aste Nagusia Bilbo Ertzaintza Delituak azken ordukoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak