Gizartea -

2018ko datuak

Laguntzak jaso arren, 70.000 herritar baino gehiago dira pobre EAEn

Dena dela, pobrezia larriaren tasa % 5,1ekoa da Euskadin, Europako batezbestekoaren azpitik ( % 6).

Guztira, 70.348 herritar bizi dira pobrezian EAEn. Argazkia: EFE
Hainbat herritar, Bilbon.
Guztira, 70.348 herritar bizi dira pobrezian EAEn. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan 70.348 pertsona bizi dira pobrezian, gizarte babeseko euskal sistemaren laguntzak jasotzen dituzten arren, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken Sailak 2018an egindako inkesta baten arabera.

Ohar batean, Pobreziari eta Gizarte Ezberdintasunari buruzko Inkestaren emaitzak aztertu ditu Jaurlaritzak, datuok "egonkortze-dinamika" bat erakusten dutela nabarmenduta. Izan ere, pobrezia larriaren tasa % 5,1ekoa da Euskadin, Europako batezbestekoaren azpitik ( % 6).

Behar gorrian egon arren, gehiengo batek ( % 60,8) ez du bere burua horren txiro ikusten. Horien arabera, "oinarrizko beharrei aurre egiteko edo nahiko eroso bizitzeko moldatzen" dira. Portzentaje hori inoizko handiena da, eta krisi ekonomikoaren urteetan % 44koa zen. Aurrez, % 30ren bueltan zegoen (2012an % 39,5ekoa zen, eta 2014an, % 36,1ekoa).

Laguntzak (diru-sarrerak bermatzeko errenta, etxebizitzarako oinarrizko prestazioa edota gizarte-larrialdietarako laguntzak) jaso arren, pobreziatik atera ezin diren 70.348 pertsonen kasuan, % 80k ez dute euren burua oso pobre ikusten. 2008tik izandako portzentajerik altuena da (orduko hartan, % 78,7koa zen).

Pertzepzio subjektiboak, beraz, hobera egin du, baina oinarri objektiboak ditu hobekuntza horrek. Horietako bat elikadurarekin lotutako arazoak nabarmen gutxitu dira. Hori horrela, azken 12 hilabeteetan elikadura-premian segurtasunik ezaren arazoren bat izan duen biztanleriaren ehunekoa jaisten joan da azken urteotan: 2014an % 7,5ekoa zen; 2018an, % 3,9koa. Ehuneko hori 2000ko % 3,5 hartatik izan den baxuena da.   

Pobrezia larriaren beste adierazle batzuetan ere hobekuntza izan da. Hornidura-etenei (ura, argia, telefonoa) dagokiena, adibidez, oso deigarria da. Kasu honetan, egoera horretan dauden pertsonen ehunekoak % 2tik % 1,4ra egin du behera 2016 eta 2018 artean. 2018ko erregistroa 2008ko % 1,6ren azpitik geratu da.

Oinarrizko ondasun edo zerbitzu batzuk eskuratzeko aukerarik eza kontuan hartzen duen AROPE adierazlearen jaitsiera ere azpimarratzekoa izan da azken bi urteetan. 2000tik inoizko maila handienera 2016an iritsi zen (% 6,4), eta 2018an % 5,6ra jaitsi da.

Bestalde, zorpetze-arriskuan dauden pertsonen portzentajea egonkor mantendu da 2014tik.

Datuok aztertzeko bilera teknikoa

Inkestaren datuak eskuan, Eusko Jaurlaritzak iragarri du irailaren 25ean bilera teknikoa egingo duela.

Jaurlaritzaren lehentasuna da gizarte-babesaren sistemako oinarrizko baldintzak mantentzea, baita azken bost urteotan finkatutako enplegua sortzeko eta hazkunderako joera ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizarte zerbitzuak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak DSBE