Gizartea -
Gipuzkoa
Donostiak autokarabanentzako kanpaleku berri izango du
Oriamendin kokatuko da kanpalekua, eta 132 plaza izango ditu. Aurreikusitakoaren arabera, datorren urteko udan irekiko dute.
EiTB.EUS
Donostiako Udalbatzak onartu berri duen plan bati esker, Gipuzkoako hiriburuak autokarabanen kanpaleku berri bat izango du. Bertan, 132 ibilgailurentzako toki irekia egongo da. Kanpin berria Goiztxiki bidean zabalduko dute, Oriamendi inguruan.
Eneko Goia Donostiako alkateak esan duenez, tramitazio prozesuan arazorik ez badago, datorren urteko udan irekiko dute kanpalekua.
Partzela bakoitzak asfaltatutako zati bat izango du, ibilgailua bertan aparkatzeko. Gainera, harrera-lekua, komunak, botikina, aisialdirako gunea eta lehen laguntzako zerbitzua egongo dira kanpinean, baita latsarria eta sukaltarria ere.
Horretarako, baina, ez dute eraikin berririk egin beharko, gaur egungo instalazioez baliatuko baitira, paisaian eraginik izan gabe.
Bestalde, autobus bidez lotuko dute kanpalekua Donostia erdigunearekin, eta Amara eta Morlans auzoetara bidegorria izango du.