Gizartea -
Alerta faltsua
Ez, Bilboko etxebizitzetan ez dute lapurretarik egin Gurutze Gorriaren izenean
Bizkaiko Gurutze Gorritik Basauriko Udaltzaingoarekin harremanetan jarri dira, eta, herritarrengan alarma sortu nahi duen polizia-alerta faltsu hori gezurtatu dute haien sare sozialetan.
eitb.eus
Azken orduetan, Bilboko eta inguruko beste hainbat herritako etxebizitzetan ustezko iruzur baten inguruan ohartarazten duen mezu bat zabaltzen ari da WhatsApp bidez.
Dena dela, Bizkaiko Gurutze Gorritik Basauriko Udaltzaingoarekin harremanetan jarri dira, eta, herritarrengan alarma sortu nahi duen polizia-alerta faltsu hori gezurtatu dute haien sare sozialetan.
Gauzak horrela, WhatsApp bidez zabaldu den mezu arrazista hau gezurra da, udaltzainek Bizkaiko Gurutze Gorriari baieztatu diotenez.
“Guk ez dugu horren berri eta, Basauriko udaltzainekin hitz egin ondoren, haiek ere ez. Gainera, etxez etxe bisitatzen duen kanpaina batekin bat dator”, Gurutze Gorriak Twitterren argitaratutako mezu batean azaldu duenez.
Zehazki, WhatsApp bidez bolo-bolo zabaltzen ari den alerta polizial faltsu horretan, Basauriko Udaltzaingoaren izenean ohartarazten da “gazte errumaniar batzuk” Gurutze Gorriko kide direla esaten ari direla, “Bilboko eta inguruko etxebizitzetan sartzeko asmoz”.
Gainera, “Gurutze Gorriko ezezagunei atea ez irekitzea” azpimarratzen da mezuan, “gure adinekoak mehatxatzea baino ez baitute bilatzen, hainbeste esfortzu kostatu zaiena lapurtuz”.
Mezu faltsu hori senideen eta lagunen artean zabaltzea ere eskatzen da, “etxe gehiagotan lapurretan egin ez dezaten”. Gainera, Udaltzaingoak, “gaizkileak Basaurin egon daitezkeela” salatu duela nabarmentzen du testuak.
Horrenbestez, herritarrengan alarma sortu nahi duen alerta faltsu bat besterik ez da hau.