Gizartea -
Heriotza
Gerardo Bujanda Saseta batailoiko gudaria hil da, 100 urte zituela
Abuztuaren 24an omenaldia egin zioten Donostiako Antigua auzoan, bere mendeurrenarengatik. Trantsizioan, Kongresuko diputatu aukeratu zuten Gipuzkoatik.
Euskadi Irratia | Erredakzioa
Gerardo Bujanda Saseta batailoiko gudaria hil da, 100 urte zituela, Euskadi Irratiak ostegun honetan jakitera eman duenez. Abuztuaren 24an omenaldia egin zioten Donostiako Antigua auzoan, bere mendeurrenarengatik.
Donostiarra asteazkenean hil zen. Gerra Zibilean Saseta batailoiko kide izan zen, eta 1937an preso hartu zuten. Santoñako kartzelan bortxazko lanak egin zituen lau urtez, eta, ondoren, Afrika iparraldera erbesteratu zuten.
1946an itzuli zen handik, eta Frankismo garaian EAJko militante eta buruzagi izan zen. Trantsizioan, berriz, Kongresuko diputatu aukeratu zuten Gipuzkoatik.
“Gerardo Bujanda gudari, alderdikide eta laguna 100 urterekin joan zaigu. Nire miresmen eta esker ona adierazi nahi nuke gure herriaren eta demokraziaren alde egin zuen guztiagatik. Eredu izan da euskaldun askorentzat. Goian bego”, nabarmendu du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Twitter bidez zabaldu duen mezu batean.
Bestalde, Bujandak “Euskal Herriaren alde mende oso bat” eman duela nabarmendu du Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak. “Ikuskera ezberdinak erraz bat egiten zituen”, gaineratu du, eta doluminak eman dizkie haren senideei eta ingurukoei.