Gizartea -

2019/2020 IKASTURTEA

Azken 5 urteetako joerari jarraituz, ikasle kopuruak behera egin du Nafarroan

Guztira, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko 95.690 ikaslek hasiko dute ikasturtea aste honetan.

Bi ikasle, ikasgela batean. EiTBren bideo batetik ateratako irudia
Bi ikasle, ikasgela batean
Bi ikasle, ikasgela batean. EiTBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroan, aste honetan itzuliko dira ikasgeletara Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko 95.690 ikasleak. Horietatik 5.850 Haur Hezkuntzako 3 urteko umeentzako gelan hasiko dira, "azken bost urteetako ikasleen beherakada berretsiz".

Foru Gobernuaren asteroko bileraren osteko prentsaurrekoan, 2019/2020 ikasturteari buruzko datuak eman ditu Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak.

Aste honetan hasiko da ofizialki 2019/2020 ikasturtea Nafarroan, ostiralean toki askotan. 95.690 ikasle horietatik 60.978k (% 64,2) hezkuntza publikoan ikasiko dute, eta 34.712k (% 35,8), berriz, kontzertatuan. Horiez gain, 11.716 ikaslek eman dute izena Lanbide Heziketan.

Haur Hezkuntzako lehen mailan, 5.850 ikasle hasiko dira, iaz baino 471 gutxiago (6.321 ziren iaz). Horietako 3.619 sare publikoan arituko dira eta 2.231 itundutako zentroetan. Eredu linguistikoari dagokionez, 4.089 ikasle A eta G ereduetan matrikulatu dira, eta 1.761, B eta D ereduetan.

Guztira, 18.510 ikasle matrikulatu dira Haur Hezkuntzan; 41.616, Lehen Hezkuntzan; 27.082, DBHn; eta 8.482, Batxilergoan.

Eredu linguistikoei dagokienez, A eta G ereduak dira nagusi (70.518 matrikula), B eta D ereduen aurretik (26.134 matrikula). Halaber, 33.246 ikasle nafarrek eman dute izena Ingelesez Ikasteko Programan (PAI).

Lanbide Heziketari erreparatuta, gora egin du matrikulatutako ikasleen kopuruak. Guztira, 11.716 ikasle matrikulatu dira (% 37,2 emakumeak): 9.172, sare publikoan, eta 2.544, ikastetxe kontzertatuetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza sistemako albisteak Umeak albisteak gaur Lanbide Heziketa