Gizartea -

HONDARRIBIKO ALARDEA

Konponbidetik urrun, bi desfile hartuko ditu aurten ere Hondarribiak

Bi aldeak elkarrekin eseri eta alardearen aferari konponbidea bilatzeko saiakera bat egon da azken urte honetan, baina ez du emaitzarik eman. Udaleko talde guztiek errespetua eskatu diete herritarrei.

Hondarribia, gaur. Argazkia: Maria Agirre, Euskadi Irratia.
Hondarribiko alardea
Hondarribia, gaur. Argazkia: Maria Agirre, Euskadi Irratia.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jaizkibel konpainiaren eta alarde tradizionalaren aldekoen arteko tentsioa baretzen hasia zela zirudien arren, Hondarribian iaz Alardeak utzitako argazkia oso bestelakoa izan zen. Aspaldiko urteotako tentsio unerik handienak izan ziren emakumeen parte hartzearen aldeko Jaizkibel konpainiak Kale Nagusia zehartu zuenean. Plastiko beltzak ez ateratzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako deiari entzungor egin, eta 'betiko alardea'ren aldekoek oihuka eta txistuka hartu zituzten berdintasuna eskatuz eta txilibitua joz herria zeharkatzen ari ziren gizon-emakumeak.

Azken urtebetean irtenbide bat bilatzeko saiakera bat egon da, eta bi aldeak elkarrekin eseri dira bitartekari baten laguntzarekin, baina prozesua bertan behera geratu da, emaitzarik gabe. Halere, hitz egiten hastea aurrerapausotzat eta abiapuntutzat jo dute eragileek. Testuinguru hori duela hartuko du aurten Hondarribiak festetako egun handia.

Jaizkibel konpainiaren desfilea 08:00etan abiatuko da Gernikako Arbola plazatik, eta herriko kale nagusiak zeharkatu ondoren, Sainduaren ermitan amaituko du bere ibilbidea emakumeek eta gizonek osatutako taldeak, Oihana Etxebarrieta kapitainaren gidaritzapean. Iaz, 600 pertsona inguru batu ziren konpainia horretan.

Ordubete eskas geroago, 08:55ean, alarde tradizionalak bide berbera egingo du, 5.000 parte-hartzaile ingururekin, ia denak gizonezkoak. Emakumeek kantinera gisa bakarrik har dezakete parte alarde hori osatzen duten konpainietan.

Arratsaldeko desfileak, berriz, Sainduaren ermitatik abiatuko dira. 17:00etan, Jaizkibel konpainiarena, eta 17:30ean, alarde tradizionalarena.

1638. urtean tropa frantsesek Hondarribia bi hilabetez setiatuta izan zuten, eta erasoaldi hura gainditu izana ospatzen dute urtero, irailaren 8an, hondarribiarrek.

Emakunde

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria Hondarribian izango da, Jaizkibel konpainiari bere babesa adierazten. Gatazka bideratzeko Udalak martxan jarritako bideak datozen urteotan emaitza onak emango dituen itxaropena agertu du Landaidak, eta elkarlanerako borondatea eskatu die aldeei. Horren hitzetan, gizartean gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko oihua inoiz baino ozenago entzuten den garai honetan, Alardearen inguruko gatazkan konponbidea bilatzea ezinbestekoa da.

Emakundeko zuzendariaren arabera, Hondarribian bertan landu eta garatu behar da "aldaketa prozesua", Alardearekin zerikusia duten eragile guztien parte hartzearekin.

"Elkarrizketa da bide eraginkorrena errespetuan eta berdintasunean aurrerapausoak emateko. Gero eta herri gehiago dira herritarren laguntzarekin euren tradizioak egokitu dituztenak emakume eta gizonen berdintasuna bermatzeko", esan du.

Udalaren adierazpena

Hondarribiko Udaleko talde guztiek (EAJ, Abotsanitz, PSE-EE eta EH Bildu) "jai baketsuak" izateko deia egin dute, eta errespetuz eta erantzukizunez jokatzeko eskatu diete herritarrei.

Asteon onartutako adierazpen batean, Udalak elkarrizketaren bideari eusteko konpromisoa agertu du. "Asmo honekin, elkarrizketari bidea eman diogu azkeneko urtean, eta, eragileekin batera, Alardearen inguruan sortu den gatazkari buruz hitz egiteko pausoak eman dira. Parte hartu duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu egindako ahaleginagatik. Udala osatzen dugun alderdi guztiok argi dugu bide honetatik jarraitu nahi dugula", jaso dute idatzian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Hondarribia argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hondarribiko alardea