Gizartea -

Trafikoa

200 motorzalek bide segurtasuneko trebakuntza jasoko dute Los Arcoseko zirkuituan

Ekimena Nafarroako eta Euskadiko gobernuek antolatu dute, eta asteburu honetan, irailaren 14an eta urriaren 27n aurrera eramango dute. Aurten 13 motor-gidari hil dira Foru Erkidegoan eta EAEn.

Motorzaleak bide segurtasuneko trebakuntzan, Los Arcosen. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
200 motorzalek bide segurtasuneko trebakuntza jasoko dute Los Arcoseko zirkuituan.
Bide segurtasunerako ikastaro bat antolatu dute motorzaleentzat Los Arcosen

1:04

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guztira, 200 motorzalek bide segurtasunaren inguruko trebakuntza jasoko dute Los Arcoseko zirkuituan (Nafarroa) irailetik urrira bitartean.

Ekimena Nafarroako eta Euskadiko gobernuek antolatu dute, eta asteburu honetan, irailaren 14an eta urriaren 27n aurrera eramango dute; izan ere, aurten dagoeneko 13 motor-gidari hil dira Foru Erkidegoan eta EAEn.

Larunbat eta igande honetan 100 motorzale hurbilduko dira zirkuitura zilindrada handiko eta ertaineko motorrekin, praktikak egiteko. Motor-gidariak kolektibo ahulenetariko bat dira errepideetan, oinezkoekin eta txirrindulariekin batera.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Presidentetza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia Kontseilaritzak lankidetzarako protokoloa sinatu zuten 2017an, trafiko eta bide segurtasun esparruetan elkarri laguntzeko.

Gidatze segurua hobetzeko ariketak egingo dituzte, motorra menperatzeko eta kontrolatzeko teknikak, balaztatze motak, hiriguneko trafikoan kokapena edo inguruabarren araberako trazadura landuz.

Gainera, segurtasun pasiborako ekipo modernoak erakutsiko dituzte, motorzaleentzako airbaga duten jantziak esaterako, istripuetan zauritzeko arriskua nabarmen murrizten baitute.

Sonia Diaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendaria eta Amparo Lopez Antelo Foru Gobernuko Barne zuzendari nagusia Los Arcosera hurbilduko dira, trebakuntza bertatik bertara ikusteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak