Gizartea -
Tanta hotza
Denboraleak sei hildako utzi ditu Espainian
Pedro Sanchez Espainiako jarduneko gobernuburua Orihuelara joan da, larrialdietako helikoptero batean zonaldea ikusi ondoren.
Agentziak | Erredakzioa
41 urteko gizon bat hilik topatu dute larunbat honetan, Orihuelan (Alacant), denboraleak gehien astindutako zonaldeetariko batean. Euri-jasek Espainian utzi duten seigarren hildakoa da, bigarrena Orihuelan.
Biktima berriaren gorpua Guardia Zibilak aurkitu du. Urpekarien eta helikoptero baten lana beharrezkoa izan da gorpua erreskatatzeko, Guardia Zibilak zehaztu duenez.
Bestalde, Alacanten sekulako euri-jasa bota du goizaldean. Horregatik, zuhurtziaz jokatzea eskatu die Udalak herritarrei. Hondartzetan bainua hartzeak debekaturik jarraitzen duela gogorarazi du Udalak, bandera gorria baita. Hiru metroko olatuak espero dira.
Era berean, Alacanten, Dolores herrian uholdeak izan dira gauean. "Argindarrik ez kontsumitzeko eta etxebizitzetan istripuak saihesteko" argia kentzea eskatu die alkateak bizilagunei.
Vega Baja (Alacant) izeneko eskualdean 1987ko azaroan botatakoa gainditu du denboraleak. Hala ere, 1879ko uholdeek 1.000 hildako baino gehiago utzi zituzten Santa Teresa egunean, Murtzia eta Vega Baja artean.
Murtzian, hain zuzen ere, hondamendi eremua izendatzea eskatu du Archenako Udalak. Bestalde, asteburuko ekitaldi eta jarduera guztiak bertan behera utzi ditu Cartagenako kirol zinegotziak.
Andaluzian, 300 gorabehera baino gehiago eragin dituzte euri-jasek, Almerian, Granadan eta Malagan. Granadako suhiltzaileek ibilgailu baten gidaria erreskatatu behar izan dute Alhendinen, errepidean harrapatuta geratu ondoren. Gainera, etxebizitzatik atera ezinik geratu den adineko bikote bat lagundu behar izan dute; izan ere, "uholdea etxe barruan zuten" Ijarren, Las Garabiaseko auzo batean.
Bestalde, A-92 autobia itxi behar izan dute, Granadako noranzkoan, euri-jasen ondorioz.
Era berean, Sevillako parke publikoak itxi dituzte alerta laranjagatik.
Sanchez Orihuelan da denboralearen kalteak bertatik bertara ikusteko
Pedro Sanchez Espainiako jarduneko gobernuburua Orihuelara joan da, larrialdietako helikoptero batean zonaldea ikusi ondoren.
Jose Luis Abalos Sustapen ministroak eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak Sanchez lagundu dute. Marlaskak zonaldea ostiralean bisitatu zuen dagoeneko.
Ondoren, Murtziara joango da. Denboraleak kalte handiak utzi ditu bertan.
Lehendakariaren elkartasun mezua
Tanta hotzak astindutako erkidegoei elkartasuna adierazi die Iñigo Urkullu lehendakariak, eta Euskadiren laguntza eskaini die.
Valentzia, Murtzia eta Andaluziari elkartasuna azaldu die Urkulluk sare sozialetan, "baita Albaceteri ere".
Era berean, "hondamendian" hildako pertsonen senideei eta lagunei doluminak eman dizkie agintariak.