Gizartea -

Lan istripua

Tubacex enpresak Amurrion duen lantegiko langile bat hil da

Behargina azpikontratatua zegoen eta ondoezik sentitu zen lantokian. Osalanek ikerketa abiatu du.

Elkarretaratze jendetsua egin dute Laudion, Tubacexeko langilearen heriotza salatzeko

0:51

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tubacex enpresak Amurrion (Araba) duen lantegiko langile azpikontratatu bat hil da bart, Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak jakinarazi duenez. Beharginak beroak jota hil ote den ikertzen ari dira orain. Gaur arratsaldean elkarretaratze jendetsua egin dute Laudion heriotza salatzeko.

Ertzaintzaren esanetan, langilea, 61 urteko soldatzaile bat, ondoezik sentitu zen atzo, eta bihotz-biriken geldialdia izan zuen. Tubacexek azpikontratatutako Eustek Gas konpainiako langilea zen.

LABek babesa eta elkartasuna adierazi die hildako langilearen familiari, herrikideei, lagunei eta langile klase osoari ere, eta salatu du aurten gutxienez 33 langile hil direla Euskal Herrian: lau Araban, hamaika Bizkaian eta bederatzina Gipuzkoan eta Nafarroan.

"Momentuz, ez dira ezagutzen lan istripuaren arrazoiak, bero kolpe bat edo istripu ez traumatiko bat izan den. Ikerketak argituko du hau, baina argi dagoena da lan baldintzek eragin zuzena dutela lan istripuetan", salatu du.

Sindikatuaren esanetan, Eusetek Gas konpainia arduratzen da fabrikako labearen mantenuaz. "Hortaz, tenperatura oso altuetan edo muturrekoetan egiten dute bertan lan, eta ezin dugu ahaztu atzo bero handia egin zuela Amurrion eta eskualdean", ohartarazi du.

Halaber, sindikatuak gogoratu du Tubacexen azken hiru hilabeteetan hil den bigarren langilea dela, eta datu horrek agerian uzten dituela Tubacexen hartzen dituzten prebentzio eta lan osasunerako neurriak."Prekarietateak, lan erritmo altuak, baldintza termohigrometrikoek, behin behinekotasunak eta azpikontratazioek, besteak beste, langileen osasunean eragiten dute", kritikatu du.

Bestalde, Tubacex enpresak adierazi du hildako langilea ez zela "estres termiko egoeran" lan egiten ari, eta "zentzu guztien arabera" "berez" hil dela.

Arabako multinazionalak doluminak agertu dizkie langilearen senideei eta lankideei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Amurrio Euskal Autonomia Erkidegoa Tubacex Lana Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Metalgintza Aiarako kuadrilla