Gizartea -
Segurtasun nuklearra
Garoñako zentral nuklearra gelditu dute turbinaren akats batengatik
"Gertakari Nuklearren nazioarteko Eskalan 0 mailakoa" izan dela esan du Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak eta ez duela eraginik izan ingurugiroan.
Erredakzioa
Santa Maria Garoñako (Burgos) zentral nuklearraren erreaktore bat gelditu behar izan dute bart turbinan ezohiko dardara batzuk atzeman dituztelako, Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak (CSN) jakitera eman duenez.
Agiri batean CSNk azaldu duenez, "programatu gabeko" geldialdia egin dute, baina "ez du eraginik izan langileengan, herritarrengan eta ingurugiroan".
Jazoera "Gertakari Nuklearren nazioarteko Eskalan 0 mailakoa" izan dela esan du Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak.
"Segurtasun sistema guztiek behar den bezala erantzun dute eta zentral nuklearrak azterketa prozesuan murgilduta jarraitzen du gertakariaren nondik norakoak zehazteko", jakinarazi du CSNk.
Espainian dagoen zortzi erreaktore nuklearretako bat du Garoñako zentralak, eta matxuratuta dagoen Fukushimako zentralaren sistema berbera erabiltzen du.