Gizartea -

Hondakin erradiaktiboak

Fertiladour enpresaren biktimen senitartekoek epaitegietara joko dute

Familiek salatu dutenez, "Fukushimatik 40 kilometrora dagoen maila bera neurtu dute zonaldean". Sortu berri duten batzordeak Baionako enpresan izandako langileen heriotzak argitzea izango du helburu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Baionako (Ipar Euskal Herria) Fertiladour ongarrien enpresan hil ziren bi langileen familiek heriotza horiek argitzeko batzorde bat sortu dute. Gabarrus eta Puyau familiek jakitera eman dutenez, inolako babesik gabe langileek material erradiaktiboekin lan egin zutenez, silikosia eta lan-istripuak izan zituzten.

Hori dela eta, bai enpresa bai Frantziako Estatua ere zigor arloko auzitegietara eramateko asmoa erakutsi dute, lan segurtasun neurriak ez betetzeagatik eta langileen bizitzak arriskuan jartzeagatik. Izan ere, senitartekoentzat Fertiladour eta Estatua dira langileen heriotzen erantzunleak.

Egun, Rouiller taldeko enpresa itxita dago baina zonaldeko erradiazio maila onartutakoa baino hamar aldiz handiagoa da. Ramuntxu Garbisu batzordearen kidearen hitzetan, "Fukushimatik nahiz Txernobiletik 40 kilometrora dagoen maila bera neurtu dute". Hori dela eta, ikerketa epidemiologikoa egiteko eskatu du batzordeak, ondoren, epaileari aurkezteko asmoz.

Helegitearekin batera, "Egia nahi duten herritarrentzat" lelopean sinadurak biltzen ari dira. 100 lagun inguruk sinatu dute dagoeneko tartean, ekologiaren aldeko erakundeak, Europe Ecologie-Berdeak taldearen kide kontseilariek, Christophe Martin Pirinio Atlantikoen Batzorde Nagusiaren kontseilariordeak, eta Bokaleko, Angeluko eta Tarnoseko Udaleko kideek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea