Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Adingabe bat atxilotu dute Irunen, gazte bati sexu-erasoa egiteagatik
Ertzaintzak 17 urteko mutila atxilotu du Juan de la Cruz Enparantzan, sexua erasoaren delitua leporatuta. Gaztea epailearen aurrean eramango dute.
Erredakzioa
Ertzaintzak 17 urteko adingabe bat atxilotu du bart Irunen, ustez, gazte bati sexu erasoa egiteagatik. Gertaera goizaldeko 04:30ak inguru jazo da, Ertzaintzako patruila bat Irungo Cipriano Larrañaga kalean zela. Halako batean, lagun talde bat korrika hurbildu zaie agenteei emakumezko bat sexu-eraso bat jasaten ari zela ohartarazteko.
Ertzainak Juan de la Cruz kalera joan dira ziztu bizian. Iristean, laguntza eske ari zen emakumezko baten oihuak entzun dituzte eta bat-batean, zuhaixka batzuen atzetik, emakumezko bat korrika irten da. Agenteetako batek gizonezko bat aurkitu du aipatutako zuhaixken atzean. Ertzainak ikustean susmagarriak korrika alde egin du baina handik gutxira harrapatu egin du. Aurka egin badio ere, azkenean ertzainak gizonezkoa atxiki ahal izan du.
Biktimak agenteei adierazi die ustezko erasotzailea ezagutzen zuela eta minutu batzuk lehenago kalean aurkitu zirela eta halako batean, indarra erabiliz, zuhaixken atzean sartzera behartu eta bertan sexu-erasoa egin diola.
17 urteko atxilotua epailearen esku jarriko dute beharrezko izapideak burutu bezain laster.