Gizartea -

15-M Mugimendua

'Suminduak' kanpaldiarekin jarraitu ala ez erabakitzen ari dira

Plaza ia beteta dago, adin guztietako jendearekin, haurrak eta ume txikiak barne. Bartzelonan, 'suminduak' gogoz gainezka esnatu dira, atzo Barçaren jarraitzeleek istilu larriak sortu arren.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrileko ''suminduen'' 144 batzordeetako bozeramaileak 12:20ean hasi dira eztabaidatzen Soleko protestarekin jarraitu ala ez. Horrez gain, batzarretan parte hartu dutenak adostutakoa ere azaltzen ari dira.

Bozeramaileen txandak zozketatu egin dituzte eta bakoitzak bi minutu dauzka akordioen berri emateko. Denbora hori gainditzen badute, parte-hartzaileek besoak astintzen dituzte hizlaria isilarazteko.

Era berean, keinuetan oinarritutako lengoaia sortu dute adostasuna edo desadostasuna isilean agertzeko: desadostasuna besoak gurutzatuta adierazten dute eta adostasuna eskuak ireki eta airean astinduz.

Eguerditik plaza ia beteta dago adin guztietako jendearekin, haurrak eta ume txikiak barne. Askok aterkiak daramatzate eguzkitik eta tartekako euri zaparradengatik babesteko.

Bartzelonan: Gogoz gainezka, istiluak izan arren

Catalunya plazan kanpatutako ehundaka ''suminduak'' berandu baina gogoz gainezka altzatu dira. Izan ere, larunbat gauean istilu larriak izan ziren Bartzelona taldeak Txapeldunen Liga irabazi ondoren eta protestariak onik atera dira.

"Gaur gauean guztiok batera aldaketa lortu dezakegula erakutsi dugu", esan dute 15-M mugimenduko jarraitzaileek Twiterren bidez. Protestariak sare sozial horretako kontu bat erabiltzen ari dira hedabideei eta gizarteari mezuak bidaltzeko.

Catalunya plazaren inguruetan izandako istiluetan 132 zauritu izan ziren, baina horien artean ez dago mugimenduaren jarraitzailerik eta, 05:00ak arte tentsioa eta arriskua izan arren, kanpaldiak aurrera jarraitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea