Gizartea -
Trafikoa
Gizon bat hil da Arguedasen, Nafarroan, izandako auto-istripuan
Ezbeharra udalerritik bost kilometrora gertatu da; paketeak banatzeko kamiloi batek eta auto batek elkar jo dute. Kamioi gidaria onik atera da.
Erredakzioa
63 urteko gizonezko bat hil da Arguedasen, Nafarroan, izandako auto-istripuaren ondorioz, Foru Gobernuak komunikatu batean zabaldutakoaren arabera.
Istripua 18:47ean izan da, Ebroko Ardatzeko errepidearen (NA-134) 11. kilometroan, Arguedaseko zuzenean. Paketeak banatzeko kamioi batek eta auto batek elkar jo dute; kamioiko gidaria onik atera da eta Audi etxeko autoarena, berriz, ibilgailuan harrapatuta geratu da.
Valtierratik mediku eta erizain bat gerturatu dira, Tuterako Reina Sofia Ospitaleko anbulantzia, suhiltzaileen bi kamioi eta Foru Poliziako bi patruilarekin batera.
Istripuaren ondorioz, errepidea itxi egin dute bi noranzkoetan.
Trafikoa ordezko bideetatik desbideratu dute; Iruña-Madril errepidetik (N-113), Los Abetos bidegurutzetik, eta NA-125 errepidetik.