Gizartea -

Gertakaria

Gizon bat atxilotu dute kalean emakumeak grabatzea egotzita, Gasteizen

Intimitatearen kontrako delitua leporatzen diote. Gainera, haur-pornografia izateagatik ere auzipetu dute.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

47 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak furgoneta batetik emakumeak bideokameraz grabatzen harrapatu ostean, Gasteizen, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.

Jazarpen horiez eta intimitatearen kontrako delituez gain, atxilotua haur-pornografia edukitzeagatik ere auzipetuko dute.

Aipatu iturrien arabera, iragan ostegunean salatu zuen herritar batek gizonezko bat furgoneta baten barrutik emakumeak grabatzen ari zela Txagorritxu Ospitalearen inguruan.

Hori horrela, agenteak bertaratu ziren furgoneta zegoen lekuan, baina barruan ez zegoen inor. Hala ere, zaintza dispositiboa jarri zuten abian gizona harrapatzeko.

Ordu batzuk geroago, gizonezkoa iritsi zen eta furgonetara sartu ondoren grabatzeari ekin zion.

Agenteek gizonezkoa identifikatu zuten eta batez ere hiru emakume jarraitzen zituela ikusi ahal izan zuten. Horietako bat auzipetuaren lankidea omen da. Azken urteetan grabatutako bideo guztiak Ertzaintzaren esku utzi zituen.

Atzemandako materiala aztertzen ari zirela, Ertzaintzak adin txikiko batzuen argazkiak ere ikusi zituen, eta Internetetik ateratako haur-pornografia ere ba omen zuen.

Azkenean, Ertzaintzak atxilotu egin zuen gizonezkoa haur-pornografia eta intimitatearen kontrako delitua leporatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea