Gizartea -

Infekzio bateria, pepinoetan

Espainiak produktuen inportazioa etetea 'desegokia' dela deritzo

Estatuko idazkariak dioenez, "tankera horretako neurri bat hartzeko lehenik eta behin frogak izan behar dira". Austriak eta Txekiak Espainiako pepinoak, berenjenak eta tomateak erretiratu dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diego Lopez Garrido Europar Batasuneko Espainiar Estatuko idazkariak adierazi duenez, desegokia da Espainiako produktuen inportazioa etetea, "E. Coli Enterohemorragikoa" bakteriaren agerraldiagatik. Lopez Garridoren hitzetan, "tankera horretako neurri bat hartzeko lehenik eta behin frogak izan behar dira".

"Merkatuko jarduera eten daitezke frogak daudenean. Inongo zuribiderik gabe ezin da erabaki bat hartu, horrek merkatuaren ohiko funtzionamendua saihesten duelako", azaldu du Bruselan Lopez Garridok. Honen esanetan, "ezin zaio gaixotasunaren jatorria Espainiari egotzi, inolako frogarik ez dagoelako".

Lopez Garridok iragarri duenez, "inolako frogarik gabe, gaixotasun honen jatorria Espainiari nahiz produktu espainiarrei egotzi dienei erantzukizunak eskatuko dizkie" Gobernuak.

Merkatutik at, Austrian eta Txekiar Errepublikan

Austriak operazio bat martxan jarri du asteburuan Espainiatik eramandako pepinoak, tomateak eta berenjenak 33 saltokitatik kentzeko, alegia, Alemaniari erosi zizkionak. Era berean, Alemaniak Espaniari erosi zizikion eta, geroago, produktu horietan E. Coli bakteria topatu zuten.

Hori da Pamela Rendi-Wahner Osasun Publikoaren zuzendari nagusiak zabaldu duena, Alemanian dagoeneko 10 hildako eta 1.000 kutsatu inguru eragin dituen bakteriaren agerraldia ekiditeko asmoz.

Txekiar Errepublikako osasun agintariek baieztatu dutenez, bi pepino sorta erretiratu dituzte salmentatik, Alemaniatik inportatutako produktu espainiarrak zirenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea