Gizartea -
Eusko Legebiltzarra
Sentiberatasun gaixoak kronikoak bezala artatzea eskatu dute
Eritasun mota horiek tratatzeko eta ikertzeko 2012ko aurrekontuetan partida bat barneratzea eskatu dio Jaurlaritzari Eusko Legebiltzarrak.
Erredakzioa
Sentiberatasun gaixotasunak dituzten pazienteak kronikoen estrategia berdinean artatzea eskatu dio aho batez Gasteizko Ganberak Osasun batzordeari.
Gainera, fibromialgia, neke sindrome kronikoa, sentiberatasun kimiko anizkoitza eta elektrohipersentiberatasuna tratatzeko eta ikertzeko 2012ko aurrekontuetan partida bat barneratzea eskatu dio Jaurlaritzari Legebiltzarrak.
Ezker Batuak ez-legezko proposamena aurkeztu du gaixotasu horien onarpena eskatzeko eta horren zuzenketa bat onartu dute batzordeko talde politiko guztiek.
Osasunaren Mundu Erakundeak fibromialgia eta neke sindrome kronikoa eritasunen nazioarteko zerrendan sartu dituela gogorarazi du Mikel Arana EBko legebiltzarkideak.
Informazio kanpaina
Gainera, gaixotasun horien berri emateko informazio kanpaina bi martxan jartzea eskatu dio Gobernuari Legebiltzarrak, bata gizarteari eta bestea Osakidetzako profesionalei bideratuta.
Eritasun horien problematika agerian uztea lehen helburua dela adierazi du Aranak, eta baita orain arte "ahazturik" izan diren gaixoak artatzeko profesionalak prestatzea ere.