Gizartea -
Dokumentazioa
Zer da 'E. coli' edo pepinoen bakteria?
Escherichia coli bakterioa animalien hesteetan eta, beraz, ur beltzetan izan ohi da, eta aparatu digestiboan infekzio larriak eragin ditzake.
Erredakzioa
Europa erdialdean agertu diren Andaluziako pepino batzuetan atzeman omen duten Escherechia coli edo E. coli bakterioa animalien hesteetan izan ohi da eta gizakien aparatu digestiboan infekzio larriak eragin ditzake.
Bakterio hori eta beste batzuk behar-beharrezkoak dira prozesu digestiboak ondo egiteko eta, gainera, B eta K bitaminak sortzen ditu, Wikipedian irakur daitekeenez.
Duela 15 urte, AEBetako Seattle hiritik gertu, bakterio horrek Odwalla markako sagar-ura kutsatu eta agerraldia eragin zuen. Ume asko hil ziren zukusagar-ur hori hartu ostean. Zukua egiteko erabili zituzten sagarretako batzuk orein-gorotz artean egon ziren eta pasteurizatu gabe botilaratu eta merkaturatu zuten.
Arriskuan dagoen taldea zabala da; izan ere, ia pertsona guztiak gaixo ditzake bakterio horrek. Elikadura arazoak dituzten 5 urte baino gutxiagoko umeak eta adineko pertsonak dira infekzio larrienak pairatzeko arrisku handiena dutenak.
Bakterioak iraitz-aparatuan infekzioa sor dezake eta, horrez gain, besteak beste, zistitisa, meningitisa, mastitisa, septizemia eta pneumonia eragin ditzake.
E. coli bakterioak eragin ditzakeen infekzioen aurkako tratamendu zehatzik ez dago. Antibiotikoak ez dira oso eraginkorrak eta ia ez dira nabaritzen. Sabeleko infekzioa izanez gero, likido asko hartzea gomendatzen dute, deshidratazioa ekiditeko. Pertsona batek sabelekoa badu, ingurukoak ez kutsatzeko, lanera edo leku publikoetara ez joatea ere gomendatzen dute.