Gizartea -

Trafiko informazioa

Euskadik 011 trafikoaren zenbaki berria erabiliko du estreinekoz

Asteazken honetatik jarriko dute martxan eta 902 112 088 zenbakia ordezkatuko du. Herrizaingo Sailak iragarri duenez, 90.000 dei jasoko dituzte, 2010ean baino % 5 gehiago.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

011 trafikoaren informazio jasotzeko zenbaki berria erabiltzen lehena izango da Euskadi. Zenbaki berria asteazkenean jarriko dute martxan, ekainaren 1ean, eta 902 112 088 zenbaki zaharra ordezkatuko du. Hala ere, erabiltzaileen mesederako, bi telefono zenbakiak batera izango dira erabilgai hilabete batzuetan.

Amparo Lopez Antelo Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak aurkeztu du zerbitzu berria. Honen esanetan, zenbaki berria "gogoratzeko errazagoa izango da" eta tokiko deien kostu bera izango du. Trafikoko Zuzendaritzak iragarri duenez, 90.000 dei inguru espero dituzte, 2010ean baino % 5 gehiago.

Estatuko eta Euskadiko trafiko zuzendaritzaren artean sinatutako Lankidetza Hitzarmenari esker, 011 zerbitzuak Euskadiko eta baita mugakideak diren errepideen egoerari buruzko informazioa eskainiko du.

Hemendik hilabete batzuetara 011 trafiko informaziorako Estatuko telefono bakarra izango da, egunean 24 orduz eta urteko 365 egunetan zehar. Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak jakitera eman duenez, zerbitzua uneoro egongo da funtzionamenduan operadore-talde baten ardurapean. Trafiko operazio berezietan edo garrantzizko eguraldi txarra dagoenean (neguko elurteak, esaterako) operadore-talde hori indartuko da.

Hilabete batzuk barru 011 trafiko informaziorako Espainiako telefono bakarra izatea aurreikusita dago eta Euskadi izango da aipatutako telefonoa martxan jartzen duen lehen lurraldea. Estatuan Trafiko Zuzendaritza Nagusia arduratuko da bere funtzionamenduaz; Euskadin, ordea, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak izango du ardura hori, Txurdinagan (Bilbo) kokatutako Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea