Gizartea -
Hilketa
Bi pertsona atxilotu dituzte Zaragozan agertu zen getxoztarraren hilketarekin lotuta
Dirudienez, gizona emakume batekin geratu zen sexu-harremanak izateko, baina emakumearen asmoa gizonari lapurretan egitea zen. Gizona lapurren kolpeen ondorioz hil zela uste dute.
agentziak | erredakzioa
Guardia Zibilak gizonezko bat eta emakume bat atxilotu ditu Pedrolan (Zaragoza), Jose Antonio Delgado Fresnedo 54 urteko getxoztarraren (Bizkaia) hilketarekin lotuta. Delgado emakume batekin geratu zen Internetez sexu-harremanak edukitzeko, baina, egiatan, berari lapurtzeko tranpa bat zen.
Iturri juridikoetatik eman dute atxiloketen berri, eta ustezko gaizkile-sare baten inguruan ikertzen ari zirela ere jakinarazi dute. Gaizkile-sarearen modus operandia honakoa zen: emakume bat harremanetarako aplikazio baten bitartez biktimak erakartzeaz arduratzen zen, gero lapurretan egiteko.
Ustezko gaizkile-sare horren beste bi biktimak gutxienez jarri dute salaketa, eta Zaragozan metodo berarekin engainatu zituztela esan zuten. Hala ere, bi horiek bizirik atera ziren, kolpatu bazituzten ere.
Jose Antonio Delgado irailaren 6an joan zen Zaragoza hiriburura. Emakumearekin harremanetan jarri ostean, leku ezkutu batera joatea eskatu zion, bertan sexu-harremanak izateko. Han, ordea, hiru gizon agertu ziren eta gizona jipoitu zuten.
Dirudienez, biktima lapurren kolpeen ondorioz hil zen. Maletategian sartu eta Pedrola kanpoaldean lurperatu zuten, baina bizilagun batek haren gorpua aurkitu zuen duela egun batzuk.