Gizartea -
Sutea Kantabrian
Emakume bizkaitar bat eta zazpi urteko alaba hil dira Laredon, sute batean
Neskatoa Laredoko Ospitalera eraman dute, baina emakumeak bihotz-biriketako geldialdia izan du, eta medikuek ezin izan dute ezer egin haren bizitza salbatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Derion (Bizkaia) jaiotako 49 urteko emakume bat eta zazpi urteko alaba hil dira ostiral goizaldean Laredon (Kantabria), haien etxean izandako sute batean.
112 larrialdi zerbitzuak bizilagun baten deia jaso du 01:55ean, etxebizitza horretako ate azpitik eta leihotik kea ateratzen ari zela ohartaraziz.
Horren aurrean, Laredoko suhiltzaileak, medikuak, udaltzainak eta Guardia Zibileko kideak bertaratu dira.
Suhiltzaileak iritsi direnean, ke ugari atzeman dute etxebizitzan, 112 larrialdi zerbitzuak jakinarazi duenez.
Sua itzaltzeko eta etxea aireztatzeko lanetan ari zirela, agenteek ama eta alaba aurkitu dituzte barruan, eta neskatoa atera eta Laredoko Ospitalera eraman dute, baina emakumeak bihotz-biriketako geldialdia izan du.
Hori dela eta, emakumea bertan suspertzen ahalegindu dira medikuak, baina ezin izan dute ezer egin haren bizitza salbatzeko.
Emakumea, Derion jaio zen, baina oso gaztetatik bizi zen Laredon, gurasoekin, eta beste seme bat zuen. Sutea piztu den etxean, bera eta alaba bizi ziren, eta auzoan ezagunak ziren.
Iñigo Claramunt Kantabriako larrialdietako zuzendariak azaldu duenez, etxebizitza “nahiko txikia" zen (bi gela ditu), eta, ondorioz, sutearen kea barnealdean pilatu da.
Ikertzaileen ustez, ama eta alaba lo zeuden sutea piztu denean, eta ez dute etxetik alde egiteko aukerarik izan, ohe batean aurkitu baitituzte biak batera.
Hiru dolu egun
Udaletxeak hiru eguneko dolu ofiziala ezarri du heriotzengatik. Gainera, 13:00ean elkarretaratzea egin dute udaletxearen parean gertakari lazgarriagatik dolua erakusteko. Bozeramaileen Batzordeak goizean egin duen premiazko bileran adostu dituzte bi neurriak.
Era berean, Rosario Losa Laredoko alkateak doluminak helarazi nahi izan dizkie hildakoen senideei.