Gizartea -
Immigrazioaren drama
186 migratzaile erreskatatu dituzte azken 24 orduetan Cartagenako kostaldean
Horien artean, adingabeak eta haurtxo bat daude. Guztiak Etorkinak Hartzeko Zentroetara edo Gobernuz Kanpoko Erakundeen egoitzetara eraman dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Cartagenako kostaldera iritsitako 186 migratzaile erreskatatu dituzte azken 24 orduetan Guardia Zibilak, Itsas Salbamenduak eta Frontexek, Espainiako Gobernuak Murtzian duen ordezkaritzak jakitera eman duenez. Gehienak Aljeriatik etorritako gizonezkoak dira eta, horien artean, zenbait adingabe daude.
94 migratzaile zeramatzan zortzi ontzi heldu dira goizalde partean Santa Luzia portura. Bestalde, goizean, beste bost ontzitan bidaiatzen zuten beste 49 migratzaile erreskatatu dituzte: horietako hiru Cabo de Palos parean, eta beste bi Aljeriako mugatik gertu. Tartean, bi adingabe zeuden eta haurtxo bat. Beste lau ontzietan zetozen erreskatatutako gainerako migratzaileak.
Francisco Jimenez Espainiako Gobernuak Murtzian duen ordezkariak azpimarratu duenez, elkarte sozialekin batera egindako operazioa izan da, "berme guztiekin drama humanitario horri aurre egiteko". Jimenezek adierazi duenez, migratzaile guztiak Etorkinak Hartzeko Zentroetara edo Gobernuz Kanpoko Erakundeen egoitzetara eraman dituzte.