Gizartea -
Nafarroa
Bost urteko kartzela-zigorra Corralilloseko aparkalekuko krimenaren akusatuarentzat
Iruñean gertatu zen, 2017ko irailaren 17an. Homizidio-delitua egotzita kondenatu dute, bidezko defentsa osatugabearen aringarriarekin.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Auzitegiak bost urteko kartzela-zigorra ezarri dio Iruñeko Corralilloseko aparkalekuko krimenaren akusatuari. 2017an gertatu zen, eta herri-epaimahaiak erruduntzat jo zuen auzipetua, homizidio-delitua egotzita, bidezko defentsa osatugabearen aringarriarekin.
Hain zuzen ere, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez, otsaileko epaiketak buru izan zuen epaileak 5 urte eta egun bateko kartzela-zigorra ezarri dio Alberto Alarcon Aguirre 51 urteko akusatuari, homizidio-delitua egotzita, bidezko defentsa osatugabearen aringarriarekin.
Epaian (Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Zibil eta Penaleko Aretoan, apelazioan, helegitea jarriz egin daiteke horren aurka), Daniel de la Fuente biktimaren gurasoentzako 160.000 euroko kalte-ordaina eta azken horren anaiarentzako 10.000 euroko kalte-ordaina ezarri dizkio epaileak auzipetuari.
Herri-epaimahaiko kideek, otsailaren 14an, aintzat hartu zuten aringarri osatugabea; Fiskaltzak 8 urteko kartzela-zigorra eskatu zuen auzipetuarentzat, akusazio partikularrak 10ekoa, eta defentsak 2 urte eta 6 hilabetekoa.
Herri-epaimahaiaren iritziz, akusatuak indar handiegia erabili zuen pairatutako eraso bati aurre egiteko.
2017ko irailaren 17an gertatu zen
Epaiaren arabera, frogatuta dago 2017ko irailaren 17an, 22:10 aldera, akusatua Iruñeko bere etxetik irten zela, Corralilloseko aparkalekuan zuen furgonetaren barruan lo egiteko.
Irailaren 18an, 02:30 aldera, biktima furgonetan sartu zen, eta, "bat-batean", auzipetuari erasotzen hasi zitzaion.
20 bat minutu iraun zuen borroka bat hasi zen orduan. Horretan, auzipetuak Daniel de la Fuente menderatzea lortu zuen, eta, segurtasun-gerrikoa erabiliz, ito egin zuen. Gutxienez hiru minutuz hertsatu zuen gerrikoarekin, biktimak mugitzeari utzi arte.
Gaztea irailaren 21ean hil zen azkenean. Gurasoekin eta anaiarekin bizi zen; anaia, garaia hartan, adingabea zen.
Biktimak emandako kolpeen ondorioz, akusatuari sudurreko hezurrak apurtu zitzaizkion, hematomak izan zituen begietan, goiko ezpaina handitu zitzaion, eta zauria izan zuen ezkerreko hankan.
Epaiketan, epaimahaiak ebatzi zuen auzipetuak indar handiegia erabili zuela erasoari aurre egiteko; izan ere, baliatutako bidea "gehiegizkoa eta neurriz kanpokoa" izan zen. Herri-epaimahaiko kideek auzitegi-medikuaren txostena izan zuten oinarri ebazpena emateko. Hala, epaiak dioenez, asfixia itotzeak eragin zuen, eta 3-5 minutu izan omen zen itotzen.
Erasotzaileari aurre egiteko, epailearen iritziz, "ez zuen zertan gerrikoarekin hain denbora luzean estutu; hortaz, aringarria osatugabea da".