Gizartea -

Nafarroa

Berriro deklaratu duten Skolaeko hezitzaileei babesa adierazi diete sindikatuek

Skolaek ondorengoa proposatzen du: “neska-mutikoek jasotzen dituzten eredu eta mezuak heziketatik abiatuta berdintzea, modu horretan, berdintasunean hasi eta harremanak izaten ikas dezaten".

Nafarroako Justizia Auzitegia. Artxiboko argazkia: EFE
Nafarroako Justizia Auzitegia. Artxiboko argazkia: EFE
Skolaeren bi erredaktorek lekuko gisa deklaratu dute Nafarroako Auzitegi Nagusian

0:41

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

UGT, CCOO, ELA, LAB, STEILAS, CGT eta ESK sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzea egin dute asteazken honetan Nafarroako Justizia Auzitegiaren aurrean, Skolae programan parte hartu duten hezitzaileei babesa adierazteko. Izan ere, hezkuntzako bi teknikarik epailearen aurrean deklaratu behar izan dute goizean.

Hezkuntzako Mahai Sektorialaren % 62 eta itunpeko sarearen % 60 ordezkatzen duen gehiengo sindikalak salatu duenez, Skolae programaren sortzaileak "jazarpen eta eraispen kanpaina baten xede" izaten ari dira, "berdintasuna, emakumeenganako indarkeria desagerraraztea, aniztasuna eta askatasuna defendatzeagatik".

09:00etan egin dute Skolae programaren aldeko elkarretaratzea, "Berdintasuna ez da hautazkoa" lelopean. Bertaratutakoen artean Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguko ordezkariak izan dira, tartean, Maria Solana Hezkuntza sailburu ohia.

Testuinguru horretan, Eloy Tato LABeko kideak eta Uxue Lasa STEILAS sindikatuko ordezkariak "Berdintasunaren aldeko manifestua" irakurri dute, eta, horren bitartez, "konpromiso osoa" agertu diote “Skolae programari, eta baita hori gauzatu duten profesionalei ere". Ildo horretatik, gehiengo sindikalaren ordezkariak “kezkatuta” agertu dira, “epaitegietatik jasotzen ari den jazarpenaz gain, azkenaldian hartu diren zenbait erabaki politikok zeharo baldintza dezaketelako Skolae ikasgeletara egoki iristea”.

Arrazoi horregatik, Skolae programa "bere osotasunean bermatzeko" eskatu diote Hezkuntza Sailari, "edukian eta ezarpen-prozesuan inolako mugarik ezarri gabe". Halaber, “Skolae proiektua garatu duten eta beren lana zorroztasunez eta profesionaltasunez egiten duten lankideak jasaten duten jazarpen eta eraispen kanpaina berehala geldiaraztea” exijitu dute.

Haien esanetan, “harrigarria eta sumingarria da hezkuntzako profesional horiek bigarren aldiz deklaratu behar izatea, berdintasuna, emakumeenganako indarkeria desagerraraztea, aniztasuna eta askatasuna defendatzeagatik”. Gauzak horrela, ikastetxe publiko eta itunpeko eskola guztietan Skolae programarekin jarraitzeko exijitu diote sindikatu horiek egungo Foru Gobernuari.

Eskoletan aniztasunaren aldeko jarduera-protokoloak “berehala” abian jartzeko eskatu diete sindikatuek administrazioei.

Hala, "gure gizarteko sektore atzerakoienen intolerantziaren aurrean, modu bateratuan erantzungo dugu, ez dugu erasorik onartuko ez hezkuntzari, ez berdintasunari, ezta justizia sozialari ere", ohartarazi dute.

Elkarretaratzean parte hartu duten sindikatuek "konpromiso osoa" agertu dute Skolaerekin eta programa hori idatzi zuten profesionalekin. "Norbanakoaren askatasunaren errespetuan oinarritutako hezkuntza-programa bat da; sentitzeko, bizitzeko eta adierazteko modua ahalduntzen duena", esan dute. "Gizaki ororen eskubideen berdintasuna errealitate izan dadin lan egiten duen programa bat da”, gaineratu dute.

Gauzak horrela, egungo araudiari erreparatuta, “ikastetxeetan berdintasunaren aldeko hezkuntza” landu behar dela “argi eta garbi” ikusten dute, “desberdintasunaren, genero-rolen eta genero-adierazpen sexistaren aurka borrokatuz eta indarkeriak, diskriminazioak eta bazterkeria desagerraraziz, horren jatorria edozein izanda ere".

Skolae, indarrean dagoen legeak ezartzen duenari “egoki doituta” dagoen programa dela ziurtatu dute sindikatuek, eta “bizitzako lehen etapetatik ezagutzaren, askatasunaren eta etorkizuna generoa kontuan hartu gabe eraikitzeko gaitasunaren oinarriak ezartzen ditu”. “Hala, desberdintasunak ezagutzen ikasten da, horiei kontra egiten, eta baita berdintasunerako eskubidea erabiltzen ere bizitzaren eremu guztietan: kulturalean, erlijioan, klase sozialetan, aniztasun funtzionaletan, orientazioan, identitatean eta genero adierazpenetan”.

Sindikatuek arabera, Skolaek ondorengoa proposatzen du: “neska-mutikoek jasotzen dituzten eredu eta mezuak heziketatik abiatuta berdintzea, modu horretan, berdintasunean hasi eta harremanak izaten ikas dezaten, biolentziarik gabe eta aukera guztiak haintzat hartuta".

Horrenbestez, jarduera-protokoloak “berehala” abian jartzeko eskatu diete administrazioei , "eskoletan aniztasunen alde, sexismoa desagerrarazteko onartutako legeak ezartzearen alde, hezkuntza-testuinguruetan errealitate guztien ikusgarritasuna bermatzearen alde eta aniztasunen aldeko berdintasunean oinarritutako hezkuntza bultzatzearen alde".

Skolae programa, Unescoren Hezkuntza Saria

Aurreko legegintzaldian Nafarroako Gobernuak martxan jarritako Skolae programak haurrentzako hezkuntza aitortzen duen Neska eta Emakumeen Hezkuntzarako UNESCO Saria jasoko du ostiral honetan.

Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak azaldu duenez, programa hau gobernu-akordioan jasota dago, eta ikastetxe guztietan, publiko zein itunpekoetan, martxan jartzeko asmoa dute.

Dena dela, "hezkuntza partekatu" bat nahi duela erantsi du, "sektore guztiekin hitz egin nahi dugu, eta, jakina, hezkuntza sistemara egokitzeko moldatu behar diren gai batzuk daude".

Ildo horretatik, "Skolaek trebakuntza baldintza batzuk behar ditu, eta zentro pribatuentzat eta patronalentzat onartezinak izan daitezke agian; hitz egin beharko da, elkarrizketa beharrezkoa izango da", esan du Gimenok.

Skolae programak material didaktikoak eta tresnak ematen dizkie irakasleei, haurrak berdintasunean hezteko helburuarekin, zeharkako proiektu integral batean. Horrenbestez, ez da ikasgai bakar batera mugatzen den egitasmo bat, baizik eta hezkidetza ikastetxeetako irakasgai, jarduera eta espazio guztietan modu errealean ezartzeko sistema bat.

Hasiera batean, hiru hilabeteko prestakuntza ematen zaie irakasleei, eta interesa duten gurasoei berdintasunean hezteko ikastaroak ere eskaintzen zaizkie. Ondoren, ikastetxe bakoitzak bere eskolarako plan bat prestatzen du, eta ikasgeletan Skolaek proposatzen dituen hainbat jarduera, fitxa eta ekimen lantzen dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa ELA LAB Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Hezkuntza Sindikatuak CCOO UGT Steilas ESK