Gizartea -
Balizko 'E. Coli' kasua
Gipuzkoako gaixoa kontziente dago eta hobera egiten ari da
Nahiz eta "E. Coli"ren sintoma guztiak agertu, medikuek ezin dizkiote proba gehiago egin antibiotikoak hartzen ari delako eta horiek emaitzak estali egiten dituztelako kasuen % 50ean.
Erredakzioa
Ustez "E. Coli Enterohemorragikoa" bakteriaren infekzioak jota dagoen gaixo gipuzkoarra kontziente dago, hodiak kenduta eta bere egoera hobera egiten ari da, nahiz eta Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) jarraitzen duen, Osasun Sailaren arabera.
43 urteko gizonezkoa Larrialdietara eraman zuten maiatzaren 20an Alemaniara bidaia egin ondoren. Antza denez, Alemanian hartu zuen "E. Coli" bakterioa, baina momentuz analisiek ezin izan dute bakterioa antzeman antibiotikoak hartzen ari delako eta horiek infekzioa izkutatu egiten dutelako kasuen % 50ean.
Horren ondorioz, eta Osasun sailaren arabera, gaixoari ez dizkiote azterketa gehiago egingo "E. Coli" bakteriak kutsatuta dagoen ala ez jakiteko. Orain arte egindakoek ezezko emaitza em dute, baina horrek ez du esan nahi kutsatuta ez dagoenik, bere egoerak eta sintomek "E. Coli" duela adierazten dutelako.
Madrilen, Lurralde arteko Osasun Kontseiluaren atsedenaldian, egindako adierazpenetan, Rafael Bengoa Osasun sailburuak "kasua atzerritik etorritakoa" dela azpimarratu du, "arazoa Hamburgon dagoelako". Gaixoa egoera txarrean zegoela onartu arren, orain hobera egin duela baieztatu du.