Gizartea -
Alkoholemia kontrol batean
Bi atxilotu Ondarroan autoan 20 kilo haxix eramateagatik
Ertzaintzak alkoholemia kontrol arrunt batean gelditu ditu 20 eta 29 urteko bi gazteak eta kirol egiteko poltsa batean 20 kilo haxix aurkitu dizkiete.
Erredakzioa
20 eta 29 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte Ondarroan (Bizkaia) droga trafikoen ustezko delitua egotzita. Ertzaintzak azaldu duenez, bidaiatzen ari ziren autoan hogei kilo haxix aurkitu dizkiete.
Ostiral honetan gauerdia pasatxo zenean, agenteak Bi-633 errepidean Ondarroa parean, alkoholemia kontrol arrunt bat egiten ari zirela Audi A-3 markako autoa gelditu dute, barruan bi gazte zihoazen.
Gidariari dokumentazioa eskatu eta alkohol frogak egin ostean, agenteek autoko eserlekuen artean zeramaten kirol poltsaren gainean galdetu diote gidariari, eta Herrizaingo sailetik adierazi dutenez, hark urduritasun handia erakutsi du momentu horretan.
Jarrera hori ikusta, ertzainek poltsa autotik atera eta barruan begira ari zirela 20 pakete aurkitu dituzte; horietako bakoitzak hamar tableta laukizuzen zituen sustantzia marroi batekin.
Ertzainek haxixa zela frogatu dute eta beraz, autoan zihoazen bi lagunak atxilotu dituzte droga trafikoaren ustezko delitua egotzita.