Gizartea -
Jaioberrien izenak
Ane eta Markel, izen erabilienak jaioberrien artean
Nesken artean, Ane, June eta Laia izan dira izen erabilienak 2016 eta 2018 urteen artean. Mutiletan, berriz, Markel, Jon eta Julen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAEko 25 pertsona-izen erabilienen zerrendan, lau izen berri sartu dira. 2014 eta 2016 arteko epearekin alderatuta, nesken izen erabilienen artean Alaia, Alba, Sofia eta Jare sartu dira Leire, Naroa, Libe eta Marenen tokian. Mutilen kasuan, Luken, Luka eta Aiur izenak sartu dira Xabier, Alex eta Ekain izenen ordez.
Erregistro Zibilak gehienez bi izen sinple edo izen konposatu bat jartzeko aukera ematen du. Ehun izen erabilienen zerrendan ez dago izen konposaturik Eustatek (Euskal Estatistika Erakundea) adierazi duenez.
Zerrendetan, izen euskaldunak dira nagusi, baina hizki batzuetan aldaerak dituzten izenak ezberdintzat hartzen dira: Jon-Ion, June-Iune-Yune eta Leire-Leyre, adibidez.
Guraso atzerritarrek ere, geroz eta gehiago hautatzen dituzte euskal izenak. Nesken bost izen erabilienen artean bi euskaldunak dira: Alaia eta Nahia (hirugarren eta laugarren postuan). Mutilen artean ere, bi dira lehen bost postuetako izen euskaldunak: Ander eta Mikel (laugarren eta bosgarren postuan).
2016 eta 2018 artean ama izan direnen hamar izen ohikoenetatik bost euskaldunak dira: Leire, Maria, Nerea, Ainhoa, Laura, Amaia, Ainara, Marta, Cristina eta Estibaliz. Aita izan direnen artean, berriz, hamar izen nagusietatik zortzi dira euskaldunak: Aitor, David, Mikel, Jon, Iker, Javier, Asier, Iñigo, Gorka eta Iñaki.