Gizartea -
Iruña
Maravillas Gaztetxeko auzipetuek eraikina okupatu izana ukatu dute
Gazteek esan dute proiektuari babesa adierazteko asmoz bertaratu zirela, eta ez zutela barruan etengabe egoteko asmorik. Hala, haien egonaldia “zerbait puntuala” izan zela ziurtatu dute.
eitb.eus
Maravillas Gaztetxeko 22 auzipetuek Rozalejoko Markesaren Jauregia okupatu izana ukatu dute ostegun honetan, Nafarroako Foru Erkidegoko Auzitegi Nagusian. Dena dela, eraikina hustu zutenean bertan egon zirela aitortu dute gehienek. Zehazki, eraikinaren usurpazio delitu arina leporatzen diete gazteei.
Goizean egindako ahozko saioan, eraikinaren hustuketan egon zirela aitortu dute 17 auzipetuk. Alabaina, guztiek esan dute proiektuari babesa adierazteko asmoz bertaratu zirela, eta ez zutela barruan etengabe egoteko asmorik. Gauzak horrela, haien egonaldia “zerbait puntuala” izan zela ziurtatu dute.
Eraikineko amarru batetik zintzilik egotea leporatzen dioten gazte bati dagokionez, epaiketan erakutsi duten argazkian bera ez dela ageri esan du, eta, polizia iritsi zenean, bere kabuz alde egin zuela azpimarratu du, inori aurre egin gabe. Horrez gain, ez du identifikatu eraikinean aurkitu zituzten amarruak prestatu zituzten gazte bat bera ere.
Halaber, eraikin horretako barrote batzuetara kateatu zen neska batek salatu duenez, bertaratu ziren foruzainek ez zuten behar bezala jardun, izan ere, barroteak moztu zituzten, baina eskuak lotuta utzi zizkioten.
"Agente bati askatzeko esan nion, eta eskuak nik lotu banituen, nik neuk askatzeko esan zidan", azaldu du. Alabaina, kateatzeko erabili zuen amarru horren giltzak ez zituenez hurbil, hainbat orduz eskuak lotuta izan zituen, bere ingurukoek askatu zuten arte.
Gainera, beste auzipetu batek aitortu du aldamio batera igo eta eraikinera kateatu zela, eta harengana hurbildu zen agenteetako batek, aldamioa desmuntatzea eta fatxadatik zintzilik geratzea proposatu ziola ziurtatu du.
Ahozko saioa, Iruñeko 4. zenbakidun Instrukzio Epaitegian da, eta, gaurko saioan, epailearen aurrean lekuko gisa deklaratu duten sei foruzainek hartuko dute hitza lehenik.
Ildo horretatik, 2018ko abuztuan Maravillas Gaztetxearen hustuketan parte hartu zuen agenteetako baten arabera, "okupazioa jarraitua izan zen 2017tik", eta herritar guztiei zuzendutako hainbat jardunaldi ireki egin zituzten, batzuetan pertsona ugari bildu zirelarik eraikinaren barruan.
"Badakigu 20 eta 30 pertsona inguru lo egin zezaketela", esan du, eta, gainera, Maravillas Gaztetxean zegoen tabernan etengabeko joan-etorria zegoela egiaztatu zitekeela gaineratu du.
Jarraian, ikerketapean dauden gazteei galderak egin dizkiete, eta, ondoren, Nafarroako Gobernuko Ondare Zerbitzuko zuzendariak eta hiru teknikarik lekuko gisa deklaratu dute.
Nafarroako Gobernuko Ogasun eta Finantza Politikako kontseilariak eta Foruzaingoko buruak epaiketa honetan lekuko gisa deklaratzea eskatu zuten arren, epaileak uko egin zien haien eskaerei. Lekukotza-fasearen ostean, adituen froga eta aldeen azalpenen txanda izan da.
Auzipetuen aldeko elkarretaratzea
Epaiketa hasi baino ordu erdi lehenago, 09:30ean, auzipetuei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin dute, Justizia Jauregiaren aurrean.