Gizartea -
Zientzia aurrerapauso handia
Espainiako ikerlariek leuzemia linfatikoaren genoma deszifratu dute
Halaber, gaitz horren mutazioak identifikatu dituzte, eta horrek asko lagunduko du diagnostiko goiztiarra egiten eta tratamendu egokiena bilatzen. Gaitz honen 1.000 kasu berri antzematzen dute urtero.
Erredakzioa
Bartzelonako Clinic Ospitaleko eta Oviedoko Unibertsitateko ikerlariek osatutako talde batek leuzemia linfatiko kronikoa duten gaixoen genomaren segida osoa argitzea lortu du. Gainera, diagnostiko goiztiarra egiteko eta gaitzari tratamendua emateko funtsezkoak izan daitezkeen mutazio batzuk identifikatu dituzte.
Aurkikuntza honen emaitzak Nature aldizkariaren azken zenbakian kaleratu dituzte, eta Espainiak Minbiziaren Genomaren Nazioarteko Partzuergoan 50 minbizi mota nagusienen segidak argitzeko duten proiektuari egiten dion lehen ekarpena da.
Cristina Garmendia Zientzia eta Berrikuntza ministroak azpimarratu duenez, Ministerioak "aurrekontu bereziak zuzenduko ditu zientziaren garaipen hau praktika klinikora ahalik eta arinen eramateko".
Punta-puntako teknologia erabilita, ikerlariek leuzemia linfatikoa zuten lau gaixoren tumore zelulen genoma osoaren 3.000 milioi nukleotidoen segida ezarri dute eta pertsona beraien zelula osasuntsuen genomaren segidarekin alderatu dute.
Azken hamarkadetan aurrerapen handiak izan dira minbiziaren biologia molekularraren ezagutzan. Horri esker, leuzemia zelula normaletan kalte genetikoak pilatzearen ondorioz sortzen dela egiaztatu ahal izan dute. 1.000 pertsonari baino gehiagori diagnostikatzen diete urtero leuzemia linfatiko kronikoa.