Gizartea -
2011ko Sanferminak
Sanferminek 'kalitatea' eskainiko dute, aurrekontua murriztu arren
2010ekin alderatuta, % 10 gutxitu dute Iruñeko jaiak antolatzeko aurrekontua. Hala ere, 520 ekitaldi prestatu dituzte tartean, musika, zezenak eta familientzako jarduerak.
Erredakzioa
"Kalitate handiagoko egitaraua" eskainiko dute aurten 2011ko sanferminek, zenbait ekitaldirako aurrekontua murritzagoa bada ere, Yolanda Barcina Iruñeko jarduneko alkateak iragarri duenez. Aurtengo egitaraurako 2,7 milioi euro inbertitu dituzte: haietatik, milioi bat ekitaldietarako (iaz baino % 10 gutxiago eta 2008an baino % 28 gutxiago). Horrela, 520 ekitaldi prestatu dituzte: 342 musika ekitaldia, 137 familientzako jarduerak eta 33 zezen ekitaldiak.
Ekitaldi gehienak kalean izango dira eta kontzertuak betiko lekuetan, Gazteluko plazan, Foruetan, Gurutzeko plazan, Burgosekoan eta Sarasate Pasealekuan, besteak beste.
Eskaintza musikal zabala
Gazteluko plazan, Iguana Tango, 69 Revoluciones, Celtas Cortos, La Maquina del Tiempo, La Musicalite, La Unión, Pignoise eta La Guardia arituko dira zuzenean. Foru plazan, berriz, Def Con Dos eta Arima Sutan, La pegatina eta Brigada Improductiva, Mago de Oz eta Rock Star, Sober eta Pete Bombastic, Txarrena eta Eraite, A pelo y tu eta Radiofunkens, Vendetta eta Sueños Rotos eta Koma eta Khous.
Halaber, Jazzfermin jaialdiak XIV. edizioa ospatuko du Burgoseko plazan. Bertan jazzaren joera desberdinak izango ditugu entzungai tartean, Pedro Iturralde Quartet, Metismatic, Gregario de Luxe nahiz McCoy Tyner Quartet with Gary Bartz.
Erraldoien eta Buruhandien Konpartsak umeentzako kalejirak egingo ditu eta Rodezno Kondearen haurrentzako parkean emanaldiak izango dira.
Barcinak azaldu duenez, "egitarau oso bat da eta behar den gauza bakarra bertan parte hartzeko grinak izatea da".