Gizartea -

Iruzurra

15-M Mugimenduaz baliatu dira, posta elektroniko bidez iruzur egiteko

Guardia Zibilak ohartarazi duenez, M-15 Mugimenduaren aldeko sinadurak batzen ari direlakoan datu pribatuak lortzen ari dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibileko Delitu Telematikoen Taldeak bere webgunean ohartarazi duenez, gero eta mezu elektroniko gehiago bidaltzen ari dira herritarrei izen-abizenak, helbidea eta nortasun agiriaren zenbakia eskatzeko, M-15 Mugimenduaren alde herri-ekimen legegileak aurkeztu nahi dituztelakoan.

Polizia taldearen arabera, gizartean M-15 Mugimenduaren inguruan bildutako haserrea eta sumindura baliatuz, mezu elektronikoak bidaltzen ari dira mugimendu horri atxikimendua erakustea eskatzeko. "Justizia despolitizatzea nahi baduzu, 500.000 sinadura behar ditugu!" eta "Hauteskunde legea moldatu nahi baldin baduzu, sina ezazu orrialdean!" dira irakurgai dauden mezuetako bi.

Horrez gain, mezu horiek kontaktu guztiei helarazteko eskatzen dute, sinadura kopuru hori eta horren eragina handitzeko.

Agintarien esanetan, Internet bidez bildutako sinadurek ez dute balio Parlamentuan herri-ekimen legegile bat aurkezteko, eskuz egindako sinadurak bakarrik onartzen baitira. Hori dela eta, horrelakoen aurrean zuhur jokatzeko eskatu diete herritarrei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea