Gizartea -
Gertakaria
Desagertuta zegoen gazte lodosarraren gorpua aurkitu dute
26 urteko gizonezkoaren gorpua Carcar herriko mahasti batean topatu du Guardia Zibilak, indarkeria zantzuekin. Gaztearen lagun bat atxilotu dute gertakariarekin zerikusia duelakoan.
Erredakzioa
Jose Jimenez Jimenez 26 urteko gizonezko lodosarra hilda aurkitu du Guardia Zibilak. Antza, gaur goizean topatu dute gorpua Carcar herriko mahasti batean indarkeria zantzuekin. Jurramendiko mankomunitateko hondakinak birziklatzeko plantatik gertu topatu dute gorpua, eta Polizia iturri batzuek diotenez bala zauriak zituen.
Biktimak tiro bat edo gehiago jaso ditu, herriko alkateak jakitera eman duenez.
Jose Jimenez joan den asteazkenaz geroztik zegoen desagertuta. Egun hartan, Ebro ibaian izan zen arrantzan, eta ondoren ehizan joan zen lagun batekin. Guardia Zibilak hilda agertu den gaztearen laguna atxilotu du goizean, gertakariarekin zerikusia duelakoan. Agenteek susmagarriaren eta haren amaren etxeak miatu dituzte.
Egindako galdeketan kontraesanak izan ditu atxilotuak. Atxilotua Antolin Romero da, pertsona ezaguna eta problematikoa, izan ere, zenbait urruntze-agindu eta salaketa zituen.
Ikerketa Guardia Zibilaren ardurapean dago. Azken egunotan, hildakoaren argazkia zuten kartelez josita egon da Lodosa ingurua eta dozenaka herritarrek hartu dute parte bilaketa lanetan.