Gizartea -
Akats medikoa Bilbon
'Berdin' jokatuko lukeela esan du mediku batek bere aurkako epaiketan
Guraso batzuek hiru milioi euroko kalte-ordaina eskatu diote ginekologo bati, horren jarduerak beren semeari, ustez, garuneko paralisia eragin ziolako. Epaiketa astearte honetan hasi da Bilbon.
Erredakzioa
2003ko irailaren 13an jazo zen gertaera San Sebastian klinikan, Bilbon; doktorearen hitzetan, emakumeak dilatazioa bukatu bezain laster emaginak deitu egin zion, 01:50 aldera, eta umeak arnasa berreskuratzen ez zuela ikusi arte "ez zuen larrialdi bat zenik uste izan"; orduan, "modu azkarrenean jardutea" erabaki zuen. Izan ere, medikuaren hitzetan, "gutxienez 45 minutu" beharko zituen zesarea bat egiteko.
Umea 02:50ean jaio zen, 3.490 kilo pisatzen zituela, baina "arnasarik gabe”, artatu zuen pediatrak epaitegian azaldu duenez; halaber, suspertze-lanak egin eta arnasa hartzeko hodia sartu behar izan ziotela adierazi du.
Pediatrak eta emaginak ezin izan dituzte erditzeko gelan ginekologoak bentosaz egindako lanen nondik norakoak azaldu. Hala ere, emaginaren esanetan, "umeak zailtasunak izan zituen jaiotzeko".
Umea Basurtuko Ospitalera eraman zuten "klinikak ez baitu neonatologiako baliabide egokirik", pediatrak azaldu duenez.
Bere bizitzaren lehen 16 egunak Basurtun egon ostean, umeak "asfixiaren eraginez entzefalopatia hipoxiko iskemikoa" zuela esan zuten medikuek.
Denboraren joanarekin, garuneko lesioak eragina izan du umearen osasunean, eta errehabilitazioa beharko du hazkunde prozesu osoan, Gurutzetako ospitaleak umeentzako ortopedian duen adituak adierazi duenez.
Halaber, umeak "kontrolik gabeko muskulu-uzkurdurak" pairatzen dituela esan du adituak, eta horrek "deformazioak" eragin dizkio, eta "maiz lurrera erortzen da".
Umeak gurpil-aulkia erabili behar izaten du, ezin da komunera bakarrik joan, eta ez da gai botoiak lotzeko; ez zaio ondo ulertzen hitz egiten duenean, adurra dario, eta, onera egin duen arren, ez dakite “noraino helduko den", laguntzen dioten psikologoaren eta fisioterapeutaren arabera.