Gizartea -
Istripua
Pertsona bat hil da Sondikan, kamioi batek eta auto batek talka egitean
Biktima autoaren gidaria da, 72 urteko gizonezko bat. Ibilgailu horretan zihoan emakumea Gurutzetako Ospitalera eraman dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
72 urteko gizon bat hil da arratsaldeko lehen orduan Sondikan, N-637 errepidean, Getxoko noranzkoan izan den istripuan.
Ezbeharra 13:50 inguruan gertatu da, Txorierriko saihesbidean, auto batek eta kamioi batek talka eginda. Ertzaintza istripua nola gertatu den ikertzen ari da.
Istripuaren tokira Ertzaintza, suhiltzaileak, anbulantziak eta Osakidetzaren helikopteroa bertaratu dira.
Autoa gidatzen zuen gizona bertan hil da eta harekin zihoan emakumea (72 urte) Gurutzetako Ospitalera eraman dute zaurituta.
Ezbeharraren ondorioz errepidea erabat itxi dute Getxorako noranzkoan. Ondoren Barakaldorako erreia ireki dute. Garbiketa lanak amaituta, 16:15ean, bueltatu da normaltasuna errepidera.