Gizartea -
EHUn sartzeko azterketak
8.400 ikaslek selektibitate probak hasi dituzte Euskadin
Berriz ere, Medikuntza izan da euskal ikasleek gehien hautatu duten ikasketa. Nafarroan ere gaur hasi dute selektibitatea.
Erredakzioa
Aurten Batxilergoa bukatu duten 8.408 ikaslek Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) sartzeko selektibitate probak hasi dituzte gaur. Orotara, iaz baino % 3,4 ikasle gehiago dira.
Horiei, gainera, lanbide heziketa egin duten eta selektibitateko fase espezifikoa egin behar duten beste 567 ikasle gehitu behar zaizkie. Beste 400 pertsonak nota igotzeko egingo dute berriz proba.
Azterketek hiru egun iraungo dute, ostirala arte.
Probak bi fase ditu, orokorra eta espezifikoa. Orokorrak Batxilergoa amaitzean ikasleek graduko unibertsitate-ikasketa ofizialak egiteko izan beharreko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak dituzten ala ez neurtzea du helburu, eta honako azterketa hauek ditu: gaztelania eta literatura, euskara eta literatura, filosofia edo historia, atzerriko hizkuntza eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko gaia.
Fase espezifikoa borondatezkoa da, eta haren helburua ikaslearen ezagutzak eta arrazonatzeko gaitasuna neurtzea da, unibertsitatean egin nahi dituen ikasketekin zerikusia duten arloetan.
Berriz ere, Medikuntza izan da EAEko ikasleek gehien hautatu duten ikasketa.
Nafarroan ere
Foru Erkidegoan ere gaur hasi dute selektibitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Iruñeko eta Tuterako campusetan.
Aurten 2.613 ikaslek egingo dute, hots, iaz baino 369 pertsona gehiago.
Horietako 1.990ek gaztelaniaz egingo dute, eta gainerako 623ek, aldiz, euskaraz.