Gizartea -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Eskola publikoaren 'onurak' onartzeko dei egin die Celaak sindikatuei
Hezkuntza sailburuak adierazi duenez, eskola publikoaren eta beste edozein hezkuntza motaren baldintzen artean alderaketa eginez gero, eskola publikoa da "beti garaile".
Erredakzioa
Isabel Celaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak adierazi du sindikatuen eskakizunak ez daudela "justifikatuta", eta, beraz, "fronteak" uzteko eta euskal eskola publikoaren "onurak" onartzeko exijitu die.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan, Celaak esan du "neurrigabea eta arduragabea" izan zela eskoletako jantokien greba, iraun zuen lau egunetan "kalte handia" egin baitzieten sendiei eta eskola publikoari.
Sailburuak gogorarazi du eskola publikoaren eta beste edozein hezkuntza motaren eta erkidegoren artean alderaketa eginez gero, eskola publikoa dela "beti garaile". "Oso argi", gainera.
Bere esanetan, 1.500 lanpostu betetzeko lan eskaintza publikoa deitu izanak erakutsi egiten du Hezkuntza Saila "egonkortasuna" ematen ari dela enpleguari, eta "kalitateko lanpostuak" sortzen ari dela. Hirueletasuna
Bestalde, Celaak hirueletasuna ere hartu du hizpide. EAJk egindako kritiken aurrean (hizkuntzen banaketa ezagutu arte, ez duela proiektua babestuko iragarri du), sailburuak azaldu du helburuak curriculumean daudela, eta maila zehatzak hiru urteko proba epearen ostean ezarriko dituztela.
Celaak esan du prozesua hainbat ideologiatako aditu talde batek neurtuko duela, eta Cambridgeko Unibertsitateko irizpideak erabiliko dituztela.