Gizartea -
Urteroko kongresua
Mendiak zalantzak ditu EBk giza eskubideen arloko politikarik ote duen
Giza Eskubideen Nazioarteko Kongresua egiten ari dira Donostian, ostiralera arte; bertan, legegintzako ekintza bat aurkeztu dute, EBk garapenerako laguntzak giza eskubideen errespetuari lotzeko.
Erredakzioa
Nazioarteko Kongresua egiten ari dira ostiralera arte Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean, Donostian, ''Giza eskubideak: Europako politiken nortasun ezaugarria'' leloarekin; bertan, legegintzako ekimen bat aurkeztu dute, Europar Batasuneko herriek garapenerako laguntza giza eskubideen begiruneari lotzeko.
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak zalantzan jarri du Europar Batasunak giza eskubideen arloan ereduzko politikarik ote duen; izan ere, Europak ere "argi-ilunak" ditu. Ildo horretan, Lampedusako (Italia) uhartearen adibidea jarri du, "legez kontrako etorkinen drama ekarri baitu berriz Europara".
Kongresuaren oinarria garapenerako laguntzak giza eskubideen begiruneari lotzea izango da; halaber, Europaren ezaugarri berezi gisa estatuek eta europar elkarteek nazioartean giza eskubideak eta gizarte eskubideak sustatzeko duten erantzukizuna ere izango dute hizpide.
Mendiaren hitzetan, jardunaldi hauek "aurretik dugun lanarekin laguntzan gaituzte", besteak beste, datozen hiru egunotan aurkeztuko diren ekimenekin, eta nazioarteko irakasle eta politikari garrantzitsuen ekarpenekin.
Bestalde, Mendiak agerpenean kazetarien galderei erantzunez esan duenez, "argi dago EAJk Bilduri eman diola Gipuzkoako Aldundia".