Gizartea -
Iruzur delitua
Gizon bat zigortu dute Iruñean, DBE iruzur eginez kobratzea leporatuta
Auzipetuak iruzur delitua onartu du, eta epaileak sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio. Guztira, 8.648 euro jaso ditu Nafarroako Gobernuaren eskutik.
Agencias | Redacción
Iruñeko bizilagun bati sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote, Nafarroako Gobernuaren diru-sarrerak bermatzeko errenta iruzur eginez kobratzea leporatuta. Guztira, 8.648,72 euro jaso ditu.
Iruñeko Zigor arloko Epaitegiak emandako epaiaren arabera, 39 urteko gizonak behar ez bezala jasotako dirua itzuli beharko dio Fotu Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuari, Fiskaltzak eta Defentsak hala adostu ostean.
Epaileak, frogatutzat eman du auzipetuak diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskaera “etekina lortzeko asmoz” egin zuela, 2018ko ekainaren 1ean. Eskaera horretan, bere diru-sarrera bakarrak errenta bermatutik zetozela ziurtatu zuen, “egia esan gabe”. Alabaina, 2017tik, aparteko diru-sarrerak lortzen zituen auzipetuak, ibilgailuen salerosketari esker.
Gizonak, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuan egin zuen DBE jasotzeko eskaera, eta, 2018ko uztailaren 19ko ebazpenaren bidez, auzipetuari eta haren senide onuradunei laguntza ematea onartu zuen Foru Gobernuak.
Epaian jasota dagoenez, gaizkileak 464,09 euroko errenta kobratu zuen hilero, 2018ko uztailaren 1etik 2019ko urtarrilaren 31ra arte. Dena dela, urtarrilaren 29an, Eskubide Sozialen Departamentuko ikuskapen-buruak laguntza hori eten eta ekarpena itzultzeko agindu zion gizonari. Testuinguru horretan, "oraindik ez dago inon jasota dirua itzuli duenik".
Hala, zigor askatasun-gabetzailea bertan behera uztea erabaki du epaileak, baldin eta bi urteko epean auzipetuak deliturik egiten ez badu.