Gizartea -
Atentatua
ADOS Aholku Batzordeak Baionako meskitaren aurkako erasoa gaitzetsi du
Euskadiko komunitate islamikoekin lankidetzan aritzeko Eusko Jaurlaritzak euskal komunitate islamikoarekin batera bizikidetza sustatzeko duen Jarduera Programatik sortu zen erakunde hori.
EiTB.EUS
ADOS Euskadiko Komunitate islamikoekin lankidetzan aritzeko Aholku Batzordeak astelehenean Baionako meskitaren aurka izandako erasoa gaitzetsi du. Ohar batean, Eusko Jaurlaritzak euskal komunitate islamikoarekin batera bizikidetza sustatzeko duen Jarduera Programatik sortutako erakundeak "elkartasuna" adierazi die biktimei eta haien familiei, "baita komunitate musulman osoari ere".
Erasoa ultraeskuineko 84 urteko militar ohi batek gauzatu zuen, Lapurdiko hiriburuan. Meskitari su ematen saiatu zen, eta, ondoren, tiro egin zuen bi pertsonaren aurka. Zaurituta daude biak, larri.
"Terrorismoaren, arrazakeriaren eta xenofobiaren eta islamofobiaren aurrean, giza eskubideekiko, tolerantziarekiko eta elkarrekiko errespetuarekiko konpromiso irmoa eta partekatua defendatzen dugu", ADOSen oharraren arabera.
"Zatiketa bilatzen duten gorroto eta xenofobia diskurtsoei aurre egiteko, bakean elkarrekin bizitzeko dugun gaitasuna sustatu nahi dugu, eta pluralismoarekiko eta aniztasunarekiko errespetuz eta harro dagoen gizartea eraiki", gaineratu du.