Gizartea -

Bizkaia

2.000 lagun bildu dira Santurtzin bi etxebizitzaren okupazioa salatzeko

Protesta jendetsua egin dute Jose Migel Barandiaran kalean, bertako okupak etxetik aterarazteko asmoz. Ertzaintzak eraikinera hurbiltzea galarazi die manifestariei eta tentsio uneak izan dira.

Santurtzin okupatutako etxebizitzak. Argazkia: EFE
Santurtzin okupatutako etxebizitzak.
Tentsioa Santurtzin okupen kontrako elkarretaratzean

2:55

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2.000 pertsona inguru bildu dira arratsalde honetan Santurtzin, bi etxebizitzan legez kanpo bizi diren okupak aterarazteko asmoz. Ertzaintzak kalea itxi du eta manifestariei eraikinera hurbiltzea galarazi die.

Okupatutako etxeak Jose Miguel de Barandiaran kaleko 24 eta 25 zenbakietan daude. Okupak leihora atera dira eta izara bana eskegi dituzte, ondoko leloekin: "Kontratuak ditugu. Ez gara okupak" eta "Legea epaileak ezartzen du, eta ez zuek".

Bizilagunek deitutako elkarretaratzea 19:00etan hasi da. Deialdia sare sozialen bidez egin dute. Portugaleten lortu zutena errepikatu nahi zuten, hau da, mobilizazio jendetsua egin eta okupak etxetik ateratzera behartzea.

Bilkura handia izan da, baina ordurako Ertzaintzak dozena bat furgoneta bertaratua zituen eta manifestariei eraikineko atarira hurbiltzea galarazi die. Manifestariak segurtasun hesia gainditzen saiatu dira eta tentsio uneak izan dira.

Protesta hiru orduz luzatu da eta elkarretaratzea 22:00ak aldera amaitu da.

"Legeak ez gaitu babesten. Legea injustua da. Zergatik sartu daitezke haiek nire etxean eta ni ezin naiz nire etxera bueltatu? Hori ez da logikoa. Honi konponbidea eman behar zaio eta gobernuek, erakundeek eta agintariek ez badute egiten, herriak egingo du", azpimarratu du etxea galdu duen bizilagun batek.

Bestalde, Santurtziko Udal Gobernuak protesta baketsua eta eredugarria izan dela nabarmendu du ohar batean.

Halaber, legedia aldatzea babestu du, "horrelako egoeren aurrean berehalako erantzuna eman ahal izateko". "Ezin dugu horrelako egoera bidegaberik onartu eta horregatik jabetza pribatu baten usurpatzailea babesten duen araudia aldatzea eskatzen dugu", adierazi du Udal Gobernuak.

Maria Isabel kaltetutako bizilagunetako bat da. ETB2ko Que Me Estás Contando saioan azaldu zuenez, okupak irailaren 2an sartu ziren bere gurasoen etxean, eta, ordutik, legez kanpo bizi dira hor.

Gauean, aldameneko eraikinean bizi den senide batek bere etxebizitza okupatu zutela ohartarazi zion. Orduan, "zerbait egiteko asmoz" bertaratu zen, baina okupak barruan topatu zituen: "Lasai zeuden, euren etxean baleude bezala".

Hala, azalpen bat eskatu zienean, bera bi etxebizitzen jabea dela eta eurek bat ere ez dutela aurpegiratu zioten. Horrela, alokairu-kontratu bat egitea proposatu zioten jabeari, baina berak uko egin zion akordio horri, etxebizitza behar duelako.

Maria Isabelek azpimarratu duenez, etxea ez da inoiz hutsik egon, eta, okupak sartu ziren egunean bertan, etxea garbitzen izan zen. Hala, okupek bere etxea "oso kontrolatuta" zutela uste du. Gurasoak hil zirenean, etxebizitza oinordetzan jaso zuen, baina duela gutxi eraberritu zuten, senide batek bertara joateko asmoa baitzuen.

Aurretik, eraikin horretako beste etxe batzuk okupatzen saiatu direnez, Maria Isabel kezkatuta zegoen, baina bera kaltetuetako bat izango zela pentsatu gabe. Egoera horren aurrean, salaketa bat aurkeztu zuen, baina oraindik ez dago okupak ateratzeko data finkatuta; hortaz, "ezin da ezer egin".

Gainera, bere etxean legez kanpo bizi diren pertsonak kaudimengabetzat jo litezke, eta horrek are gehiago luzatuko luke abiatutako bide judiziala.

"Argia mozten saiatu naiz, baina ezin dut, hertsapena leporatuta salatu nazaketelako. Oso tristea da nik haientzat lan egin behar izatea", salatu du jabeak.

Bestalde, okupen arabera, etxeak 3-4 urte daramatza hutsik, eta, nora joan ez dutenez, etxe hori legez kanpo okupatzea erabaki zuten. Hala ere, jabeari alokairuko kontratu bat egitea eskatu diote.

BIDEOA | Santurtziko okupak: "Maria Isabelen etxea okupatu genuen nire aita gaixorik dagoelako"

Santurtziko okupak:'Maria Isabelen etxea okupatu genuen nire aita gaixorik dagoelako'
Santurtziko okupak:'Maria Isabelen etxea okupatu genuen nire aita gaixorik dagoelako'
Santurtziko okupak:'Maria Isabelen etxea okupatu genuen nire aita gaixorik dagoelako'

1:18
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Santurtzi Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Okupak gaur