Gizartea -
Osasuna
1.200 botika baino gehiago, tartean ibuprofenoa, merkeagoak azarotik aurrera
Asmaren kontrako salbutamola, depresioaren kontrako duloxetina eta ahozko antisorgailu batzuk ere merkatu dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Hego Euskal Herriko farmaziatan saltzen diren 1.290 botika merkeago erosi ahalko dira gaurtik aurrera. Azaroaren 1. honetan sartu da indarrean 2019ko Erreferentziazko Prezioen Araua (Estatuko Aldizkari Ofizialean irailaren 13an argitaratu zen araua).
Espainiako Gobernuko Osasun, Kontsumo eta Ongizate Sozialeko Ministerioak azaldu duenez, merkatzea % 80koa izan da kasu batzuetan, eta talde horretan daude antiinflamatorioak, glaukomaren kontrakoak, analgesiko narkotikoak eta antipsikotikoak.
Dena dela, kontsumitzaileen patrikan aldaketa gutxi igarriko da, botika gehienen prezioa zentimo batzuk bakarrik jaitsi baita. Osasun publikoaren faktura, ordea, dezente murriztuko da: 39 milioi euro, Ministerioak egindako kalkuluen arabera.
"Urtarrilean ere prezioak jaitsi zituzten, eta hilero doikuntzak egiten dituzte. Horrek eragina izan du Estatuko 22.000 farmazia baino gehiagotan, batez ere txikienetan eta landaguneetan", esan du Jesus Aguilar Farmazialarien Batzorde Nagusiko presidenteak.
Honako hauek dira merkatu diren 10 printzipio aktibo erabilienak:
Azido alendronikoa (osteoporosisari aurre egiteko)
Budesonida (asma eta biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa tratatzeko)
Duloxetina (depresioarentzat)
Enoxaparina (tronbosia)
Escitaloprama (depresio)
Formoterola (asma eta biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa tratatzeko)
Ibuprofenoa (mina, sukarra eta hantura)
Latanoprosta (glaukomaren kontrakoa)
Levonosgestrela eta etinilestradiola (antisorgailuak)
Risperidona (psikosia)