Gizartea -
Gertaera
Bakioko hondartzan desagertutako 16 urteko mutiko baten bila ari dira
Gaztea lagunekin batera joan da hondartzara eta larunbateko 18:30ak aldera desagertu da, surfean zebilela.
Erredakzioa
Erreskate taldeak 16 urteko mutiko baten bila ari dira larunbat arratsaldean Bakioko hondartzan surfean zebilela desagertu ostean, Herrizaingo Sailak jakitera emandakoaren arabera.
Gaztearen lagunak izan dira 18:30ean Bizkaiko SOS-Deiakera abisua eman dutenak. Esandakoaren arabera, lagunaren surf taula agertu egin da, baina ez mutila bera.
Gertatutakoa jakin eta berehala, Eusko Jaurlaritzako teknikari bat bilaketa lanak koordinatzen hasi da Ertzaintzaren helikopteroa eta ontziak eta Itsas Salbamenduaren eta Gurutze Gorriaren ontziak erabilita.
Erreskate taldeak hondartzaren ezkerraldeko bokalea eta bi aldeetako harrizko zonaldeak miatzen ari dira, baina ez dute momentuz desagertuaren arrastorik aurkitu.