Gizartea -

SALDA BADAGO

Sexualitatea eta indarkeriarik gabeko bizitzak, Jardunaldi Feministen 2. egunean

Atzo 3.000 emakumek eman zioten hasiera Durangon, Jardunaldi Feministei. Dekolonialitatearen inguruko mahai-inguruak zer esana eman zuen eta gaur antolakuntzak, eraso arrazistak izan zirela salatu du.

Gaurko lehen mahai inguru nagusia. Argazkia: Radio Euskadi
Gaurko lehen mahai inguru nagusia sexualitatearen inguruan izan da.
Milaka emakume bildu dira Durangon Jardunaldi Feministen bigarren egunean

1:32

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

3.000 emakume bildu ziren atzo Durangoko Landako gunean Euskal Herriko  V. Jardunaldi Feministetan. Bost ardatzen gainean, hurrengo hilabete zein urteetarako ildoak definitu nahi dituzte, eta hamaika hitzaldi, tailer eta mahai inguru antolatu dituzte horretarako.

Bigarren eguna du gaur jardunaldiak eta sexualitatea eta indarkeriarik gabeko bizitzak izan dira aztergaiak. 10:00etatik 12:00etara izan da mahai inguru zentrala: "Gorputzak eta sexualitateak". Jendetza bildu da gaur ere, eta gorputza eta sexualitatea landu dituzte, eskubide sexualak, sexualitate anitzak, sexofobia eta sexualitatearen inposaketa, besteak beste.

16:30etik 18:30era ospatu da bigarren mahai inguru zentrala: "Indarkeriarik gabeko bizitzak eraikitzen". Indarkeria izango dute jomugan, sistema patriarkal kapitalistak eragindako zigor eta biolentziak aztertuz. Tartean, Justizia patriarkaletik feministara, lesbofobia, indarkeria intrageneroa eta transfobia eta despatologizazioa izan dituzte hizpide, besteak beste.

Mahai inguru guztiak zuzenean jarrai daitezke youtube bidez.

Feminismoa "mugimendu erradikala" dela azpimarratu dute antolatzaileek. "Instituzio edota enpresek zuritu nahi duten mugimendua" dela salatzen dute eta hori aldatzea dutela helburu. Eta borroka horretan, adin guztietako emakumeak ari dira jardunaldi hauetan parte hartzen.

Mahai inguruez gain, tailerrak, eztabaidak, ikuskizunak eta gauean kontzertuak ere izango dira. Hemen gaurko programa osoa:

programa

"Salda badago" lelopean ospatzen ari diren jardunaldi hauek jarraipen handia izaten ari dira saretan eta #saldabadago #saldagara eta #jardunaldifeministak joera dira euskal txiolarien artean.

Igandean amaituko da topaketa. 16:30ean mobilizazio handi bat ospatuko dute eta testu bat ere egingo dute publiko.

Eraso arrazistak salatu ditu antolakuntzak

"Salda Badago" leloarekin ospatzen ari diren jardunaldietan atzo eraso arrazistak gertatu zirela salatu du gaur antolakuntzak eta ez dutela horrelakorik onartuko ere ohartarazi dute.

Atzo mahai-inguru dekoloniala ospatu zen, Jardunaldi Feministetako eztabaida nagusienetako bat izan zen, "mugimendu feministaren oinarriak birpentsatzeko oso beharrezkoa" adierazi du antolakuntzak, baina polemikoa ere izan zen. "Emakume zuri gisa interpelatuak sentitzea" zela helburua azaldu dute antolakuntzatik, baina ondorengo eztabaidan "ezinbestekoa den entzumen ariketa faltan izan genuen eta formak galdu egin ziren. Oihuak eta txistuak izan ziren" azaldu dute.

Eztabaida horren ondoren, jardunaldietan parte hartzen ari ziren hainbat emakume feministak "lagun arrazializatuei eraso" egin zietela jakitera eman du antolakuntzak eta ez zela "hitzezko eraso batera mugatu" idatzi dute.

Jarrera horien aurrean, antolakuntzak argi eta garbi esan du ez dituztela eraso arrazistak onartuko eta parte hartzaile guztiei dei egin diete "elkarren aitortza, interpelazio eta zaintza kolektibotik abiatuta jarduteko".

Hemen testu osoa:

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Gizartea Eguneko albisteak Durango Albisteak Feminismoa