Gizartea -
Lan istripua
Garraiolari bat hil da Bermeoko portuan lanean ari zela
Garraiolaria 39 urteko gipuzkoarra zen. Hiru sindikatuko ordezkariek esan dutenez, zamalanak egiten ari zela zorabiatu eta hil egin da.
Erredakzioa
Garraiolari gipuzkoar bat hil da Bermeoko portuan zamalanak egiten ari zela, hala jakinarazi du Hiru sindikatuak ohar batean.
Antza denez, 39 urteko gizona, zamalanak egiten ari zela zorabiatu eta hil egin da. "Bost dira jada urtea hasi zenetik Euskal Herrian hil diren garraiolariak", adierazi du Hiruk eta hildako langileari elkartasuna helarazteko datozen 24 orduetan ibilgailuetan xingola beltza jartzeko eskatu garraiolariei.
Halaber, gaurkoa bezalako ezbeharrak ez direla "bakanak" salatu du Hiruk. "Etekinei osasunari eta langileen bizitzari baino garrantzia handiagoa ematen dien ekoizpen sistemaren isla dira", azpimarratu du sindikatuak.
"Istripuen arrazoiak sobera ezagunak dira, behin eta berriz salatu ditugu, prekarietatea, azpikontratazioa, enplegu eta lan baldintzak, edota beharra egiteko erritmoak", azaldu du Hiruk, baina hala ere heriotza horiek sahiesteko erakundeek "neurri eraginkorrik hartu gabe" jarraitzen dutela erantsi du.