Gizartea -
Gabonak 2019
Bilbok bikoiztu egingo du izotz pistaren tamaina Gabonetan
Aurten Areatzan jarriko dute, eta 800 metro karratukoa izango da. Erripako kaian txirrista erraldoia egongo da berriz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko Udalak bikoiztu egingo du aurtengo Gabonetan izotz pista ekologikoaren tamaina, eta “Estatuko handiena” izango da. Hain zuzen ere, 400 metro karratutik 800era pasatuko da.
Gainera, berritasun gisa, aurten Areatzako kaian jarriko dute. Iaz, Erripan zegoen. Han, baina, sei erreiko txirrista jarriko dute berriz.
Bata zein bestea 2019ko azaroaren 28rako jarriko dira abian, eta urtarrilaren 5era arte egongo dira irekita. Prezioari dagokionez, izotz pistaren kasuan 3 eurokoa izango da, 30 minuturen truke (2 euro kide anitzeko familientzat). Txirristan, 2 eurokoa izango da pertsonako, eta hiru aldiz jaitsi ahal izango dira errailetan behera.
Sarrerak leihatiletan erosi ahal izango dira, eta on line ere bai, plataforma honen bitartez: eventbrite.es.
Taldeentzako erreserbak egiteko (20 pertsona baino gehiagokoak izan behar dira), mezu elektroniko bat igorri beharko da helbide honetara: reservasgabonak@proasur.com. (Bezeroaren arretarako telefonoa: 607110872).
Bi instalazioak 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era egongo dira zabalik. Asteburuetan eta jaiegunetan zabalagoa izango da ordutegia: 16:00etatik 21:00etara.
Izotz pista eta txirrista Bilboko Udalaren #BilbaoGabonak proiektuaren parte dira, datozen Gabonetarako abian jartzekoak. Beste hainbat jarduera ere prestatu dituzte, eta aurki emango dituzte jakitera.