Gizartea -

PISA txostena

OCDEk irregulartasunak antzeman ditu Espainiako PISA txostenaren emaitzetan

Irakurmenari buruzko azterketan, erantzun "sinesgaitzak" detektatu dituzte eta irregulartasunak Estatuko zonalde jakin batzuetako hainbat ikastetxetan izan direla erantsi dute.

Ikasleak selektibitaterako azterketa egiten. Artxiboko argazkia: Euskadi Irratia
Ikasleak selektibitaterako azterketa egiten.
Ikasleak selektibitaterako azterketa egiten. Artxiboko argazkia: Euskadi Irratia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (OCDE) irregulartasunak antzeman ditu 2018ko PISA txostena osatzeko Espainiako Estatuan egin ziren probetan.

Irakurmenari buruzko azterketan, ikasleek "erantzun sinesgaitzak" eman zituztela eta 20 galdera baino gehiago 20 segundotan erantzun zituztela antzeman du OCDEk.   

Horrela, bada, Estatuko ikasleek irakurmenaren proban lortutako emaitzak behin-behinean PISA txostenetik kanpo utziko dituela jakinarazi du nazioarteko erakundeak.

OCDEk azpimarratu du emaitza horiek ezin dituela kontuan hartu eta Espainiako Gobernuari zer gertatu den argitzeko ikerketa bat abiarazi dezala eskatu dio.

Irakurketa, matematika eta zientzietako azterketak apirilaren 16tik eta maiatzaren 31ra bitartean egin zituzten Estatuko 1.000 ikastetxe baino gehiagotan. 15 urteko ikasleek hartu zuten parte.

Matematika eta zientzietako azterketen emaitzak baliozkotzat eman dituzte. Irakurmenaren proban, berriz, erantzunak sinestezinak direla ebatzi dute.  

Azterketa hori ordenagailuz egin zuten ikasleek eta, ondorioz, egin zuten guztia erregistratuta geratu da.

OCDEk azaldu duenez, 25 segundotan erantzun zituzten 20 galdera baino gehiago, atal horretako galderak erantzuteko denbora-tarterik ohikoena minutu bat edo bikoa denean.  

Halaber, ikasle horiek guztiek berdin erantzun zituzten galdera denak: baietz edo ezetz jarrita.

Irregulartasun horiek Estatuko zona jakin batzuetako ikastetxeetan antzeman dituztela erantsi dute.

Testuinguru honetan, eta zer gertatu den argitu arte, OCDEk ez ditu Estatuko ikasleen irakurmenari buruzko daturik sartuko PISA txostenean.

Isabel Celaa Hezkuntza ministroak esan du Espainiako Gobernuak ikerketa bat jarriko duela abian eta erantsi du antzeko zerbait gertatu zela Ameriketako Estatu Batuetan eta Holandan.

Alabaina, EFE agentziak OCDEren iturriak aipatuta zabaldu duenez, 2018ko azterketetan antzemandako arazoa Espainian bakarrik gertatu da, eta 2015ean Kazakhstango zenbati datu utzi zituzten baliorik gabe.

  

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza