Gizartea -
Selektibitatea
Kimika azterketaren batez besteko nota azken urteotako txikiena da
Azterketa hori euskaraz egin dutenen erdiek ez dute gainditu. Portzentajea iazkoaren antzekoa da, baina batez besteko nota hiru hamarren jaitsi da.
Erredakzioa
Lehenengo datuen arabera, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) unibertsitatera sartzeko probetara aurkeztu ziren 8.413 ikasleetatik 8.073k gainditu egin dute fase orokorra, eta hortaz, ikasleen %95,96k aprobatu dute, EHUko iturriek jakinarazi dutenez.
Proba hauek bi fase dituzte: fase orokorra,unibertsitateko gradu ofizialak ikasi ahal izateko gainditu behar dena, eta fase espezifikoa, borondatezkoa, fase orokorrean lortutako kalifikazioa hobetzeko balio duena.
Campuska, Araban aurkeztutako 1.135 ikasleetatik 1.081ek gainditu dute fase orokorra, hau da, %95,24k; Bizkaian aurkeztu ziren 4.216 ikasleetatik 4.007k aprobatu dute, hau da, %95,04ek, eta Gipuzkoan, 3.062 aurkeztu eta 2.985ek gainditu dute, hots, %97,49k.
Hizkuntzaren arabera, 5.079 ikaslek euskaraz egin zuten proba eta %97,87k gainditu dute, eta gaztelaniaz, berriz, 3.334 aurkeztu ziren eta %93,04k gainditu dute fase orokor hau.
Bestalde, fase espezifikoa borondatezkoa da eta fase orokorrean lortutako nota hobetzeko aukera ematen dio ikasleari. Fase honetan ikasle bakoitzak bere modalitateko edozein gai aukera dezake, fase orokorrean aukeratu duena izan ezik. Gehienez, lau gairen azterketak egin ahal dira fase espezifiko honetan. Gai bakoitzari 0 puntutik 10 puntura bitartean ematen zaio, eta nota kontuan hartzeko, ikasleak 5 puntu edo gehiago lortu beharko ditu. Fase espezifikoaren azken nota, gehienez 4 puntu, borondatezko azterketen bi nota onuragarrienak hartuta egiten da.
Behin-behineko emaitzen arabera, fase espezifikoko Kimikako azterketan, %50ek ez dute gainditu, eta batez besteko nota 4,56 puntukoa izan da. 2010eko deialdian %53k aprobatu zuen eta batez besteko nota 4,82 puntukoa izan zen; 2009an %47k gainditu zuten, eta batez besteko nota, 4,75 puntukoa. Kontuan izan behar da 2011ko datuetan ez dela oraindik bigarren zuzenketa islatu, ez eta erreklamazioen ebazpena ere, eta ohikoa dela horien ondorioz batezbesteko kalifikazioak igotzea.
Carmen Gonzalez Murua EHUko Akademia Antolakuntzako errektoreordearen iritziz, "aurten unibertsitatean sartzeko probetan eman diren emaitza errealak, zehatzak, aurreko urteetan izandakoekin alderatuta berdinak izan dira funtsean, eta ez da aldaketa nabarmenik antzeman".
Behin-behineko notak ikasleak matrikulatu direneko ikastetxeetako ordezkariei eman zaizkie gaur, ekainaren 16an, eta EHUren webgunearen bidez (http://www.sarrera.ehu.es) ere ikusi ahal dira. Behin betiko notak uztailaren 2an argitaratuko dira, ekainaren 17tik 21era arteko erreklamazioa egitekoeta bigarren zuzenketak eskatzeko epea bukatu ondoren. Bestalde, hautaproben ezohiko deialdia uztailaren 6, 7 eta 8an izango da.