Gizartea -

Lan-istripua

Christian Harluxet ELB sindikatuko idazkari nagusia hilik aurkitu dute

Mixel Berhokoirigoin ELBko buruak esan du ez zeukala osasun arazorik eta ezuste handia izan dela heriotza. Traktore batean aurkitu dute hilik.

Christian Harluxet ELB sindikatuko idazkari nagusia
Christian Harluxet ELB sindikatuko idazkari nagusia

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Christian Harluxet ELB sindikatuko idazkari nagusia eta Esne Saileko arduraduna hil da gaur. Eguerdian etxera itzuli ez dela-eta haren bila atera dira senideak, eta traktore batean aurkitu dute hilik.

Mixel Berhokoirigoin ELBko buruak esan du ez zeukala osasun arazorik eta ezuste handia izan dela heriotza.

Ahatsakoa zen (Nafarroa Beherea). 55 urte zituen eta esne ekoizlea zen. Euskal Herriko Laborantza Ganberako Biltzar Nagusiko kide zen, ELBko ordezkari gisa, eta Akitaniako elkarte batean ere hartzen zuen parte, Berriak jakinarazi duenez. Haren lana goretsi du ELBk, prentsa ohar baten bidez. "Sindikaturen eramaile sutsua izan da Christian 25 urtez. Besteen entzuteko gaitasun handia zuen, denen errespetua zuen eta denenganik errespetatua zen. Langile ikaragarria zen, gai desberdinak menperatzen zituen, agerian ziren sailez gain ekarpen handia zuen ELBrendako, bilkuretan, idatzietan, eguneroko ibilmoldean, laborantza iraunkorra garatu nahian, beste gizarte eredu bat sustatu nahian herri honetan". Laborarientzat eta ELBrentzat ez ezik, Euskal Herriarentzako ere "galtze izugarria" izan da, sindikatuaren arabera. "Gizarte eredu bat defenditzen zuen Euskal Herriarendako. Herriak bizirik ikusi nahi zituen. Elkartasuna, ttipien defentsa, zuzentasuna helburu ukan ditu bere bizi guzian".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea